Gibraltarko leize batean deskubritu dute neandertalek harkaitzean egindako grabatu geometriko bat, haien ahalmen sinbolikoaren nolabaiteko frogabidea litzatekeena. Traolaren antza du irarlanak edo, Ana Galarragak ohartarazi moduan, hiru lerroan jokoarena. Urteak, hamarraldiak, mendeak izanen dituzte adituek eta sasiadituek hortaz aritzeko.
Niri, aldeak alde, Voyager espazio-zundetan izarrartera bidalitako urrezko diskoa, munduko kulturetako soinu eta irudiekin grabatua, ekarri dit gogora. Beti aritu naiz fantasian izaki estralurtar batek hura atzemanen lukeen unearekin, dezifratu ahal izanen ote zuen, jasotakoari adimen arrastorik aurkituko zion. Ez dugu inongo estralurtarraren eragina ikusiko Edda Moserren ahotsean Mozarten Gaueko Erregina aria ekaiztsua aditutakoan. Limansky adituaren arabera, haren bertsioa «gorrotoz eta amorru biziz jotako infernu bokal hutsa da». Irudikatzea bera ezinezkoa zaigu, Gibraltarko marrak bezainbeste. Baina, halere, orain lasaiago nengoke Edda Moser baino garaiko Lucia Popp hotzagoa hautatu izan balute. Edo EMI diskoetxeak Beatlesen kanta bat, Carl Saganek proposatutakoa, espaziora bidaltzeari uko egin ez balio.
Ene, geure ahalmen sinbolikoaren frogabide, ez genuen popik bidali!
    
    
        
        
            
    
                                
    
                                                                                JIRA
                        
                
                            Pop
                Iruzkinak
            
            
                Ez dago iruzkinik
            
        
                    Ordenatu