Angel Erro.
JIRA

Pantailaratu

2014ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Errealitateak fikzioa elika dezakeelako aukera badagoenetik, errealitatea eraldatzen dugu fikzioa ederragotzeko. Epikoagoa egiteko. Egiazkoa eta alegiazkoa berrelikatzen, txirikordatzen dira, elkarrekin nahasteraino.

Oscar Pistorius (errealitatean) errugabetu dute emaztegaia hiltzeko akusazioaz. Epailea modu batean edo bestean jakitun izanen zen istorioa pantailetara eramanen dutela eta emaitza zinematografikoa nahitaez aberastu du epai polemiko horrekin, zeina (fikzioan) Whoopi Goldbergek, Oprah Winfreyk edo are Meryl Streepek defendatu beharko baitute. Film ederra izanen da, ziur, ñabardura askotakoa, Hollywoodek usatzen duen etorkizun handiko pertsonaia baten gainbehera eta ondoko gainditzearena, non Oscar Pistorius as himself ager baitzitekeen. Zergatik ez? Tipo ederra da eta asko transmititzen duela frogatu du.

Fikziozko Oscar Pistorius, halere, ez zen aktore sartuko. Hori filma konplikatzea litzateke eta gauza jakina da fikzioak errealitatea baino xinpleagoa behar duela izan, sinetsiko badugu. Fikziozko Pistorius Reeva Steenkampen hilobi aurrera joanen zen, maiteminduen egunean, heriotzaren urtemugan, lore sorta bat eskuan, irribarre enigmatiko batekin edo negar batean. Ez dut spoilerrik eman nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.