Angel Erro.
JIRA

Porno

2016ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Ted Cruzek Estatu Batuetako hauteskundeetan errepublikanoen hautagaia izateko bere kanpainako iragarki bat erretiratu du, bertan aktore porno batek parte hartzen zuela jakin eta berehala. Emakumea, Amy Lindsay, suminduta agertu da. Notizia osoa irakurrita jakin dut, goiburuan porno hitzaren erabilera sentsazionalista egin bada ere (kazetariak nolakoak diren!), aktoreak zenbait film erotikotan besterik ez zuela lan egin, softcore porn deitzen duten horretan, baina —eta ez dut uste xehetasunak munta txikia duenik hemen— haietako batean lesbianen arteko sexua antzeratuz. Gauza ezaguna da Ted Cruzen jarrera homofoboa.

Benetan jakin nahiko nuke nor den Lindsayren iragana desestali duena. Alderdiko nork esan zion nori. Familiaren balio sakratuen defentsan aritzen den talde errepublikano horretako nork. Deskubrimendua zein laguni edo senide urruni egotzita, nongo dei anonimoari. Jakin nahi nuke ez ote duen Ted Cruzek berak aktorea —emakume hau lehenago non ikusi ote duen hainbat minututan pentsakor egon ondoren— ezagutu. Ez ote duen Ted Cruzek berak dei anonimo hori egin. Hipokrisia oinarri duen ideologia batean murgilduta egoteak halako une larri eta —zergatik ez aitortu?— dibertigarriak eduki behar ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.