Angel Erro.
JIRA

Izozmendia

2017ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Galesko Swanseako Unibertsitateko zientzialariek uste dute Antartikako izozmendi bat desitsastetik gertu dagoela. Lotuta mantentzen duen izotz tartea hogei kilometrokoa baino ez da. Deus ez, kontuan hartuta 5.000 kilometro karratuko izozmendi batez ari garela, Galesko lurraldearen laurden batekoa (konparazioa Swanseako Unibertsitateko zientzialariek eman dute, gertuenera joaz, guk datua itzuli beharko genuke eta esan Gipuzkoa eta Araba lurraldeen tamainako izozmendi batez ari garela, Euskal Herri osoaren laurden batekoa).

Ni bezalako zutabegile errieta egileentzat berehala gezurtatu dute fenomeno klimatiko bat denik: geografikoa baizik. Hamarkadak daramatza alimaleko arrakalak, Larsen C segmentuan, guk ingurunea modu eraginkor batean izorratu ahal izan baino lehenagotik. Baina —utz diezadatela galdetzen— zergatik ari da orain askatzetik gertuago, zergatik uste dute hilabete batzuen buruan izozmendi hau mugitu eta hark eusten dien glaziarrak lekualda daitezkeela, uretako maila hamar zentimetrotan igota? Mundu guztiak daki izozmendiek ezkutatzen dutela ikusten uzten duten baino gehiago. Ur gainean duen izotz zatiak pentsarazten dit lurra beharbada hasi dela bere burua defendatzen. Geografikoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.