Angel Erro.
JIRA

Oposizioa

2017ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Amorragarria gertatzen da Nafarroan oposizioak, UPNtik hasi eta PSNraino, PPtik igaroaz, hartu duen Gobernuak eginiko ororen kontra jotzeko modu itsua; amorragarria gertatzen da eskubide aitortzaren hedapen oro inposaketatzat hartzeko argudio zakarra. Amorragarria gertatzen da, edo gertatzen zait —belarriaren ertza ikusarazten ari naiz mundu aurrean—, baina oposizioaren lana horixe da. Ongi edo gaizki ari diren ezin dugu neurtu entzundakoek amorrarazten gaituztenok. Susma dezakegu ongi ari direla guk gaizki hartzen dugun neurrian? Hala bada, oso ongi ari dira, oposizioak, besteak beste, erakusten duen euskarafobiak nire onetik ateratzen nauelako (inoiz, kasurik txarrenean ere, susmatu baino sakonagoa baita). Halere, nago oposizioaren estrategiaren arrakasta ez dugulakoan besteongan eragiten dituen sentipenetan oinarritu behar, baizik eta gizartean izan dezakeen balizko eraginean. Horretarako, nik joko nuke begiratzera oraingoa baino lehenagoko oposizioak zer argudioekin erakutsi zuen eraginik handiena. Zoritxarrez (niretzat), ez zuen aurreko gobernuen politika sektarioaren kontrako salaketak jendea sutu eta botoa aldarazi. Oposizio berriak ez dirudi lezioa ikasia duenik. Ez dizkiot nik eskolak emanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.