JIRA

Dulantziz

Angel Erro -

2015eko azaroak 12
Euskal Twitterlandiaren bazterrak nahasi ditu hitz berri baten aurkikuntzak. «Dulantzi», alaitasuna adierazteko. Jatorria Behobia-Donostia lasterketaren afixa batean du, non gaztelaniazko «esfuerzo y alegría» nola eta «ahalmen eta dulantziz» itzulita zetorren. Sare sozialetan horrelakoak bala-bala hedatzen dira, ironia eta trufaren erresuma baita. Ustezko akatsari, itzultzaile automatikoa gaizki erabiltzeari barre egin lehenago eta berehala erabilera finkatu nahi izan dugu. Ez naiz egunkari honetan hitza erabiltzen lehena.

Baina ni nago Arabako Dulantzi (gaztelaniaz Alegría) herriarena ez dela hanka sartzea. Hiztegietan ez datoz toponimoak eta etorrita ere tontoenak ere ez zituen nahasiko. Ez da Google Translator-aren jokaldi makurra izan. Alegria sartu dut itzultzaile automatikoan eta poza ematen du edo (hitza azentu markarik gabe sartuz gero) zoriontasuna.

Nik Dulantzi horren atzean salaketa ikusten dut. Horrelako itzulpen laburrak (edo luzeagoak) musu-truk eta fabore gisa eska diezazkioten nekatuta dagoen euskaldun baten mendeku txikia. Denoi galdetu digute euskaraz nola esaten den halako. Denoi pasatu digute orrialde bat edo biko testutxo bat. Eginen nuke holako pertsonaren bat burlata sentituko zela.