Angel Erro.
JIRA

Ohartzerako

2016ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ohartzerako hamar urte pasatu dira, hamar urte administratibo, eta goiz hozkirri batean udaletxerantz zoaz senide baten hobia berresteko asmoz. Hark ere gauza bera egin zuen, oraindik gogoan duzunez, bere (eta zure) beste senide baten alde, zu horrelakoez gehiegi kezkatzen ez zinen garai ez hain urrun batean. Nahi gabe, hamar urte barrukoa datorkizu burura istant batez.

Udal arautegiak zer dioen jakinarazi dizu langile adeitsu batek euskaraz. Ez zenekien bakarra diru kopuru zehatza zen. Eta tramitea egitean sentituko zenuena zehazki. Maitasun ekintza moduan biziko zenuenik inprimaki baten betetzea. Hildakoarekiko ahaidetasunaren laukian semea idatzi aurretik arnasa hartzeko gelditu beharko zenuenik. Zirrara sentituko zenuenik hilobi eskubidea duenaren (titular del derecho funerario denaren) sinadurarako tokian izenpetzean.

(Eskubide bitxia, dituzunen eta ez dituzunen artean, gaur arte haren berri gabea, hilobi batena).

Goiz epeltzen hasitakora atera zarenean noragabe ibili zara herrian. Zuk zeuk ere melodramatikoegia iritziko zenioke hilerriraino joateari orain, baina hain dago hurbil. Ohartzerako barruan zaude, hilobi eskubidedun, seme, inprimaki baten kopia eskuan duzula eta lorerik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.