Angel Erro.
JIRA

Praktikoagoa

2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Praktikoagoa iritzi dio Espainiako Osasun ministro gasteiztarrak, hauteskundeen atarian, etorkin irregularrak lehen arretan berriz artatzeari. Azaldu du gero zergatik, «larrialdi zerbitzuek gainezka ez egiteko eta baita osasun publikoari dagozkion kontuengatik ere». 2012an «paperik gabeko» 870.000 etorkin osasun txartelik gabe gelditu ziren; orain ez zaie itzuliko, baina, halere, itzuliko dira osasun sistema publikora.

Batzuek neurrian hauteskundeen hurbiltasuna ikusi nahi izan dute. Ez gara ergelak baina modu berean gezurra sakatu digute maiztasun ezagunarekin, legealdi bakoitzean, eta harrigarriki arrakasta handiz: eskubide sendotu bat garbitu, horrek ondorio kaltegarriak izan ditzan arte zain egon (jendea hiltzeko aukera barne), hauteskundeen bezperan atzera egin (baina ez osoki, kendutakoaren osokoa itzuliz gero ez baitago etekinik) eta zeure burua salbatzaile moduan agertu.

Oraingoan, baina, sinesgarriagoa gelditu zaie elektoralismoa, hainbeste non ia sinesteko prest bainago. Hobeki egin dute oraingoan, Gasteizko PPren eskola ongi aplikatuta: etorkinekiko gizatasun edo elkartasunik ez, praktikotasuna eta —maisulana!— etorkinek ekartzen dizkiguten osasun arazoak aipatu dituzte arrazoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.