HITZ BESTE

Fatxatuak

Anjel Lertxundi -

2016ko otsailak 4
Atzokoan fatxatu hitza erabili nuen, eta ezagun batek, ez dakit kontu-eske edo trufaz: «Gaur ere sartu diguk hik asmatutako hitz baten ziria!». Pozik erantzungo nion baietz, nik asmatua dela, baina Orotarikoan dago. Ostentazioa egiten duena da fatxatu bat. Fatxada hutsa. Eta hitzaren txispak noranahiko bideak hartzen ditu, iparra galdu duen suziritxo batek bezala. Lehen txinpartarekin, hitzak fatxa ekartzen digu gogora, eta ez da harritzeko: fatxa batek fatxada du kredentzial nagusia, ai, frankismo garaiko bigotetxo haiek, zer eta nolakoak ziren garbi uzten zutenak kanpotik ere! Ezker mutur puntakoenetik kolpean eskuin mutur puntakoenera pasatu direnak ere —ez naiz izenak ematen hasiko— fatxatu batzuk direla esan dezakegu. Ez dago imajinazio gehiegi jarri beharrik fatxatuk egin dezan bidea gaztelaniaz hain modan jarri den postureo adierazteko ere: adibidez, «fatxaturan dabil hori!» esanez.

Esandakoa: suziri koloretsu bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna