Angel Erro.
JIRA

Tesiak

2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Letren eta zientzien arteko binarismoan hazitakoa naiz. Txikitan, edo oso gaztetan, bidea aukeratu eta gerora harrotasunez aldarrikatu behar zenuelako garaikoa naiz. Zu bezalakoekin elkartzearen elkartzeaz, burua argudioez eta aurreiritziez betetzen joaten zitzaizun. Sinesmen horren porrota bizi izan dugu gerora. Letretakook egiaztatu dugu, esaterako, guretarrek zer gutxi irakurtzen duten batez beste edo gehienetan zer pentsamolde (eta erreferentzia) zaharkituei eusten dieten eta askotan zer armagabe egon gaitezkeen mundualdiari ekiteko tenorean, kontrakoa ongi edo gaizki argudiatzen jakin arren.

Oso letretakoa izan daiteke autozigorkatze hau, oso letratakoa zientzien ederra laudatzearena. Badakit. Baina ezin izan dut zirraratxoa sentitzea saihetsi, oso letretako zirrara, Koldo Mitxelena saria jaso duten EHUko euskarazko bost tesietako izenburuak irakurtzean. Horretan ere oihartzun literarioena zientzietako tesiek zuten: Soka kosmikoen ondorio behagarrien iragarpen eta froga berriak. Edo Oligokitosano ultrapuruetan oinarritutako poliplexoak. Edo Zurruntasun-indar metodoaren analisia eta bere aplikazioa laminatu konpositetan, non elementu finituen metodoa aztertzen omen baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.