Angel Erro.
JIRA

Xuxurlaria

2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Askotan beharko genuke norbait gure ondoan, tarteka, «gogora ezazu langilea zarela» xuxurla esanen ligukeena, langileok langiletasuna ukatzeko joera hain dugu barneratua. Etxean bakarka bere ordenagailutik lanean ari denak beharko luke belarrira xuxurlatuko liokeena. Lantokira begia pintatuta, dotore, sexualizatuta, aisialdiaren irudia emateko moduan, joan behar duenak beharko luke xuxurlaria. Berdin nagusi itxura estereotipatua (traje eta gorbata, esaterako) eramatera behartutako mileuristak. Izen teknikoak ezberdinak diren arren, praktika kontratuak bata bestearen jarraian kateatzen dituzten gazte zaharkituek beharko lukete langileak direla esanen liekeenik. Lanik ez omen duten emakumeek. Besteen grebek ekarritako eragozpenak eraman ezin dituzten askok eta askok; protestan ari diren langile multzo baten alde jarri beharrean, pribilegiatutzat hartzen dituzten askok eta askok beharko lukete haiek ere langileak direla eta horrela jokatzea epe luzean bainoago ertainean bere buruaren kontra egitea badela esanen dien norbait, batez ere bihar bezalako egunetan. Sindikalistek ere bai, beharbada. Askok beharko lukete norbait, soldata duin baten truke, langileak direla esanen liekeena, belarrira xuxurla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak