Angel Erro.
JIRA

Kromoterapia

2015eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Koloreek, bistan da, berebiziko garrantzia dute. Bestela ez lituzkete, hurrenkera jakin batean daudela, arbuiatuko edo zuzenean debekatuko, atzo Nafarroako Parlamentuan Sinboloen Legea aldatzeko Herri ekimenari uko egin zitzaion bezala. Ikurrina paratzeak debekaturik jarraituko du Nafarroako erakundeentzat. Hala bozkatu dute UPNk, PSNk eta PPk. Azken alderdi honen bozeramailea brusa gorriaren gainean jaka horia jantzita atera zen oholtzara, baina gero jakaz (eta koloreaz) aldatu zen, koloreek garrantzia dutela argiago uzteko.

Honek Barcinaren jaka gorria gogora ekarri dit. Maiz aritu gara horretaz. Hasieran sinbolismorik ez bazuen, denon artean eman diogu eta etorkizuneko presidente ohiak erruz erabiltzen du, bere seta politikoaren adierazgarri bilakatuta.

Egunotan José Javier Esparzak, Barcinaren ordezkari nahiak, bere webgunea aurkeztu du. Bere izenik ez, Garantía de Navarra du leloa. Bitxia da aukeratu duen kolorea, beste alderdi baten ikurra baita: magenta, kromoterapiaren zortzi koloreetako bat, «iraganeko ideia eta pentsamolde baliogabeak baztertzeko kolore espirituala, sinusitisa, erretina desitsastea eta kiste onberak tratatzeko erabilia», omen. Nafarroaren kistea, tamalez, gaiztoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.