garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Hitza

2015eko otsailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Apirilaren hondarrean, iktus suntsitzaile batek bere baitara kartzelatu zuen 82 urtean bere buruaren jabe izan zena: gure aita. Garaiz harrapatu ez genuen zorigaitza logopeda, errehabilitazio eta bestelako terapietan konpontzen saiatu ginen gero. Beranduegi.

Lazgarria du egoera. Esaldi luzerik ezin ulertu, ezin mintzatu, ezin mugitu, ezin gorputzari eutsi, ezin ondo ikusi, ezin etorkizunera begiratu eta batzuetan iraganera ere ez, ezin azken egunak gozo bizi, ezin duin joan betiko. Egunak hainbestean argitzen duenean eta depresioaren kontrako kimikak anestesiatuegi utzi ez badu, bi hitz josiko ditu, beti berberak, bata bestearen jarraian, testuinguruan egoki etorri ala ez.

Zer pentsa ematen du. Zergatik atxiki ahal izan dituen zehazki bi hitz horiek, eta ez besterik. Kopurua ote den gakoa ala kontzeptua. Ezbeharra neronek nozituko banu, zein ele hartu nahiko nukeen ahotan edo zein litzatekeen optimoena etxean, ospitalean nahiz kalean, hura eta bera ahoskatuz eman beharko bainuke oro aditzera...

Eta hasieran purrustadaren itxura hartu banion ere, luze hausnartu eta gero, ez dut uste hitz egokiagorik aurkituko nukeenik egoerari aurre egiteko edo munduari esateko, berak argi eta garbi esaten diguna baino: «jainko madarikatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.