garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Erreferentziak

2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Gipuzkoa barnealdeko bi ezagunek Hendaian egin duten topo. Batek apartamentua du bertan, eta bizitokitzat harturik, ongi ezagutzen ditu bazterrok. Bestea, berriz, dentistarenera etorria da, bi urtetik behin egin ohi duen eran. Nork bere zirkunstantzien berri eman ondoren, herriaren idiosinkrasia alderatzeari ekin diote luze, Hondarribirantz begira jarrita. Terminologia dute, ordea, arazoa. Lehena, idealista peto eta lurraldetasunaren zaintzaile, «hemen»-ka ari zaio etengabe, hemengo diru-laguntza sozialez eta sendagileei bisita aldiko ordaindu beharraz, hemengo eskola-sistemaz...

Matrail erdia anestesiatuta duenak ez dio sobera ulertzen zein dimentsioz ari den, eta hain zuzen «hemen garesti da ura, eta etxebizitzaren gaineko zergak ere ez dira makalak» aipatu dionean, eten egin dio berba. «Baina hori soilik Hendaian gertatzen al da?!» galdetu dio, ezpain ertzetik lerdea dariola. «Ez, alajaina, Ipar Euskal Herri osoan», bota dio zakar, solaskidearen kaikukeriak txundituta. Besteak, ordea, zuzendu egin dio alaiki, izendapena argitze aldera: «Alegia, Frantzian!».

Idealistari purrustada atera zaio barrendik: «Bestaldera joanik, Espainia-ka hasten al gara ba!».

«Bestaldera?», kaikuak, berriz ere despistatuta, «ez al da ba hau Bestaldea!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.