garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Larunbata

2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Jaiki, gosaldu, eta bezperatik prest utzitako jantziak soinean, ile-apaindegira joko du goiz, bere txima makalei bolumena eman diezaieten, jendaurrerako txukun senti dadin. Larunbata baita gaur, asteko egunik baikorrena beretzat, eta biziena Tolosan.

Handik, garai bertsuan alargundu zen adiskide zaharrari besotik helduta, zerkausira joko du. Baina ez, preseski, garaian garaikoa kontsumitzeagatik, edo ekoizle txikiak saritzeagatik, edo barazkirik naturalenak kausitzeagatik, ezta bertako produktua sustatzeagatik ere, gazteagoen hizkera eta moda dira horiek, izan ere. Zergatia bilatu behar izatekotan, hango giroa bizi-gogoaren amu dela argudiatuko luke hark.

Eta postuetako batean dozena bat sagar eskatu eta baserritarrak dauzkan gurienak batuko dizkionean, edo bi mahai haraxeago dagoenak, babarrun zorro handia ordaindu diolako eta aspaldidanik ezagutzen duelako aza urririk emango dionean, adibidez, misioaren parte sentituko da, edo bere aberrian, hitza erabil ahal baneza. Artzain gazteak, astero gazta laurdena hartzen dionetik, «egun on, bihotza» esanez agurtzen duenean bezalaxe.

«Behar ez den tokian bilatzen dun maitazarrea» leporatuko dio adiskideak, ondotik. «Ba al dun ba egokiagorik plaza betea baino», erantzungo dio bere kolkorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.