garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Kuadrilla

2015eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Bost gizon kale jantzita, ospitaleko sarrerako itxarongelan, biribilketa alaian. Harpa jo nahi diote erdian inguratuta daukatenari, isilik hura, eskuak patriketan, Mona Lisaren irribarrea ahoan. Antza, zorabioak eman diolako ekarri dute larrialdietako atetik. Berehala etorri omen da bere senera, baina ezin libre atera, kardiologiako plantan zenbait gauza aztertu arte. Aste erdia joango omen zaio bertan.

«Motel, motel! Hik daukak zortea gaurkoan! Potrojorrarako lizentzia irabazi duk!», bota dio ezkerrekoak, pare bat bizkarreko emanik aurrena. «Neu ere oporren beharrean nagok ba, redios!», eskuinekoak, zartakoka hura ere. Atzeko pikaroak lepotik estu heldu eta ondotik pasa den erizainari begiratzeko bihurrituta, xuxurla egin dio: «Jeseeus, hori duk-eta behorra!». Laugarrenaren gomendioa entzun da ondoren: «Ba, ba, ba, utzi berriketa merkeak eta erne futbolari. Eibarrek hiru baietz!». Eta bekaiztienaren purrustada: «Markesak bezala ikusiko dituk hik golak, ohetik! Putakumea!»...

Ordubeteren buruan, txisteak eta bizkarrekoetarako kemena bukatu direnean, etorri bezala joan zaizkio lagunak. Itxarongelaren erdian gelditu da hura, Mona Lisaren irribarrea permanente utzirik, joan berri diren horiek bera baino are beldurtuago daudela konturatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.