garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Beharra

2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Lanpostu hobea eskaini zioten enpresan, ardura handiagoa zehatz esanda, eta baiezkoa eman zuen, soldata oparoagoaren irrikatan. Gaur damu du. Sektoreko feria baten karietara, bi egunerako atera behar izan du, hiru urteko umetxoa aitona-amonen etxean utzita.

Aurreneko gaua dute elkarrengandik urrun, lehen loaldi atergabea, beraz, amarentzat: ezin bere kuttuna altzoan estutu, ezin masail guriak gorritu arte musukatu. Latza da gero. Erraietan egin zaion korapiloa laxatu nahian, telefonatu egin du hoteletik. Amonak tramankulua belarrira jarri dionean, «zer moduz, nire maite ederra!» egin dio erdi kantari, bemolak ondo nabarmenduz.

Haurrak ez du txintik ateratzeko gogorik antza, eta amak, kontzientzia txarrak uzkurtuta, erosi egin nahi izan du haren txera: «Zintzoa zarenez, bihar, etxera iritsitakoan, nahi duzuna oparituko dizut». Haurrari aldartea bizitu zaiola dirudi, eta hunkitu egin du ama, hekatonbearen atariko malkoak ditu ageri. Agurtzeko garaia iritsi denean, agindutakoa gogorarazi dio birritan: «Bihar zuk nahi duzuna erosiko dizut, ez ahantzi, zuk nahi duzuna». Haurrak ez du amaren trikimailua sobera ulertu, eta hatz ñimiñoa sudur-zuloan sartuta, galdera zorrotza pausatu dio eskegi aurretik: «Ama, baina nik zer nahi dut?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.