Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Agorra

2014ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Bazen gure umetako etxepean gizon bat «abuztua» aditzen zigun bakoitzean «agorra» zuzentzen ziguna: «Abuztua... Erdaraz bezala? Agorra da, a-go-rra!». Halaxe esaten baitzuen: «agorra», eta ez garbizaleagatik zaharmindu irizten genion egutegiren batean irakurritako agorril leunagoa. Eta hain ebakitzen zuen dardarkaria azkeneko -rra hura, dardarka uzten gintuela: gogor, gotor, mortu.

Nik sasoian halaxe ulertzen nuen gizon hark agorra-rekin zuen tema: agorra zuen bizimodua. Hau da, alargundua, seme bakarrarekin eta munduarekin haserre, adiskidetasunerako motz, auzokoon gorabeherak zituen bizi hats ia bakar. Eta abuztuan oporretara migratzeko ohitura hedatu berriarekin herria husteaz batera agortu egiten zitzaion bizigaia. Agorra zen harentzat abuztua: pertsianak jaitsita irudikatzen nuen, bero sapa amaiezinetan sabaira begira, bere burua besterik gabe. Eta pena ematen zidan. Eta neure xalotasunean gozo, iruditzen zitzaidan inoiz gerta zekizkidakeen gauzarik txarrenetakoa zela neure burua hala ikustea, abuztua agorra zitzaidala.

Eta zer diren gauzak: gaur da eguna abuztuan agorraren bila ibiltzen naizena, halako batean ohartu banintz bezala agorra urratuz sortzen dela emaria, neure burua besterik gabe aritzea dela besteekin aritzeko iturria.

Ez dut aurkitzen, ez dut lortzen, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.