garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Usteak

2015eko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Gure etxe pareko apartamentu alokagarrian —non udako sasoi betean astebeteko egonaldia ordaintzeko nire hil osoko soldata behar baita, eta halaber, lepoa luzatuta ere, ez itsasorik, ez mendirik, gurea bezalako balkoi trastez josiak besterik ez baitira ageri— gizon bakarti bat jarri da apopilo.

Txundituta nauka tipoak. Balkoira ateratzen naizen aldiko, eta sarri xamar izan ohi da lanean hortxe aritzen naizelako, terrazatxoan jarrita dago, esku artean daukanari erne begira: batzuetan egunkaria, beste batzuetan mokadua, edariren bat, eta gehienetan iphonea, alboko plastikozko mahaiaren gainean hautsontzi zahar bat eta zigarro pizturen bat dituela. Marka da gero. Hondartza eta parajea beste erakargarritasunik ez duen herri turistiko batera etorri, eta eguna apartamentuko zokotik atera gabe igaro. Bero zakarrak teilatupe guztiak labe bihurtu dituenean.

Gaur goizean inoiz baino tenteago azaldu da. Terrazara atera orduko, bista disimulurik gabe luzatu, katilu betea goratu eta agur egin dit konplizitatez. Hark niri sortzen didan harridura errukitsu bera eragin diodala iruditu zait, eta pentsamendua igarri zaiola: «Atso gajoa, halako inguru ikusgarrian egon eta eguna apartamentu turistiko bateko balkoian ordenagailuaren aurrean pasatzea ere…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.