garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Zalantza

2015eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Ezusteko bisitaria datorkiela eta, behin-behineko ohe baten bila abiatu da familia, andre urduria buru duela. Plastikozko puzgarria baino etzateko duinagoa nahi luke, eta tolesgarria. Alcampon jo du begiz, klik-klak eta luze-zabal egiten den kanapea. Gainera, merke zuhurrekoa.

Saileko arduradunarengana jo eta halakorik stockean ba ote duten egin dio galde, eta hark baietz, baina senarra non ote duen. Andreak ez dio galderari taxu handirik hartu, hasteko eta behin, ezkonduta ote dagoen hari zer axola zaion ezin ulertu duelako, baina arrandegiko eremutik bueltan etortzen ikusi du eta hurbiltzeko keinu egin dio xalo. Andreari bizkar emanda jarri, eta zein auto duen, saltzaileak gizonari; sofaren neurri zehatzak eta hura muntatzeko azalpenak eman dizkio gero. Andrea isilik, amorratuta, kasik sutan, artaburutzat hartu ote duen bere buruari galdezka. Bi neska motz agertu dira halako batean, eta saltzaileak, horiek ere familiakoak direla ikusirik, agindua eman dio gizonari: «Denak sartzeko tokirik ez duzu autoan. Eraman itzazu lehendabizi fardelak etxera —andrea eta alabengatik— eta gero zatoz sofaren bila».

Andreak, halako arbuiorik sekula entzun gabea, antzarak ferratzera bidali nahiko luke saltzailea, baina hain da egokia sofa-ohea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.