Aldarte kaskarrean esnatu naiz apika, baina agudo jaiki naiz halere, eta komunera jo dut ziztuan, txapinak bilatzen astirik galdu gabe, erabaki garrantzitsuak baititut neure baitan hartzeko, badakizue, intimitatean hartu behar izaten diren horiek. Eta, jakina, zer aproposago komuna baino, hor bai intimitatea.
Erabaki beharra daukat, adibidez, aurki tabernara helduko naizenean, «kafe» esaten hasi eta, hatz erakuslea luzatuz, «bat» eskatu orduko «no entiendo» erantzun zidan eskuzabala egokituko bazait berriz barran, zein hizkuntzatan egin behar diodan, hain baita nire baitakoa hizkuntzaren hautua; eta erabaki behar dut, besteak beste, ondoko farmazian, nazionalitate ofizialaren arabera «la dame espagnole» etiketatu nautelarik eta kosta ahala kosta gaztelaniaz mintzatzen zaizkidalarik, «Efferalgan, otoi» esango diedan ala, Hendaiako modari jarraiki, eskaera espainolen moduan bota eta bukaeran «merci» gozo batez agurtuko ditudan, gaztako minik ez areagotzeko. Barne kalapita horiek, badakizue.
Luze joko du egunak inposaketaren aurka daudenen erresuman. Beraz, kuleroak jaitsi eta jar nadin ondo komun zuloan, intimitateari dagozkion erabakiak hartzen, eta bide batez, naturak eskatzen didana plaust egiten. Idoia Mendiaren sozialismoa gogoan.

BIRA
Intimitatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu