garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Txepetxa

2015eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Sare sozialetan hamalau eta etxean hutsaren hurrengo denarentzat, egun beltza izan zen atzokoa. Bere lagunak aspalditxoan imajinatu zuen nola eta zertan pasatu nahiko zuen eguna, ordenagailuaren aurrean tinko jarrita, jakina, eta ezezkorik ametitzen ez duten plan horietariko bat antolatu zion kableetatik urruti: piknika. Esan nahi baita, belarretan zabaltzeko zapia, saski bete jaki eta hauteskundeen gaineko lardaskak ilunabarra arte bakean uzteko agindua.

Itxaropenak itxaropen, ezer gutxirako balio izan zion lagunari planak. Besteak, telefono koxkorra ondoan zuela —ezin izan omen zion debekatu—, zapi gainean ipurdia zabal-zabal jarri bai, baina nekez tentetzen baitzuen lepoa. Aurrena halakoren txioari erantzun, gero beste harena irakurri, hurrena bere burutapena idatzi, edo beste batenari keinu egin. Halaxe nazkatu zituen bazterrak, harik eta, ez mesedez eta ez faborez, edalontzia luzatu eta pantailari begirik kendu gabe, «bota ardoa» esan zion arte. Bota bai, baina burutik behera egitea otu zitzaion lehen kolpean. Horren ordez, arma zorrotzagoa atera zion: «Twitter ala ni».

Txepetxarena egiten ari denean ez bezala, luze jo zion gertatzen ari zenaz jabetzeak eta horren araberako erantzuna pentsatzeak. Luzeegi, lagunari dagokionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.