Albistea entzun

BIRA

Ezkor

Garbiñe Ubeda Goikoetxea -

2015eko uztailak 17

Grezian gertatutakoak negargura besterik ez dezake eman. Denon ezina ekarri du argitara. Jainko kudeatzaileen txotxongiloak garen ebidentzia. Zertarako hauteskundeak, galdegin liteke zilegitasun osoz. Zertarako agintari aldaketak. Zertarako gobernatzeko estiloak eta lau urtean behin berritzen diren planak. Zertarako ideologiak. Zertarako oinarrizko dekalogoak. Zertarako lider karismatikoak. Zertarako behetik gorako alternatibak. Zertarako ilusioa, itxaropena. Zer demontretarako eman iritzia. Edo botoa. Areago, zertarako demokrazia. Eta zer da, ordea, demokrazia. Zer kristo da hori, gaur eta hemen.

Hangoak etsiak hartu ondotik, erraz datoz estrapolazioak. Errazegi, beharbada. Horretan datza, muinean. Edonork, edonola, edonoiz, edonon dela ere, estrapola daitekeen bakarra estrapola dezan, hain zuzen: estatu ofizial banderadun bat —boterearen esferan kontuan hartzen den unitate bakarra— hain itsuski makurraraz badezakete, horrela lotsaraztera eta kateatzera hel badaitezke, haienganako beldurrak horrenbesterainoko ahalmena baldin badu, zer ez ote diete egingo katalanei, guri, etorkizuna beren esku dagoela sinesten duten guztiei, hordagoa jotzen duten egunean.

Batzuetan, Pleistozenoa bera ere habitagarriagoa iruditzen zait gaurko garaia baino.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...