Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Errezeloak

2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Aurtengo lehen euskal herritarra neskatoa da, Nora du izena, eta Mendaron jaio zen urtarrilaren 1ean, gauerditik 4 minutura. «Ze pena!», deitoratu zuen gure lagun batek biharamunean, egunkari batean ama-alaben argazkia seinalatuz: «Neskato gaixoa! Esklaboen pare biziko da beti», iragarri zigun. Noraren amak zapiz estalita zeukan burua, islamiarren erara. Musulmana zela zehazten zen artikuluan. Lagunari inork ez zion ezer esan. Ezta neuk ere.

Errege bezperako poteoan auzo berriak dituela azaldu zigun kuadrillako batek: bikote gazte bat, oso manera onekoak. «Baina», zehaztu zuen, ordea: «marokoarrak dira, eta neskak zapia janzten du». Eta azpimarratu zuen segidan, igogailuan tokatu diren bizpahiru aldietan sumatu duela gizonak erabat azpiratuta daukala andrea. Inork ez zion ezer esan. Ezta neuk ere.

Hain justu, isilik geratu nintzen ohartuta nagoelako gizonezko beltzaran, bizar luzedun eta motxiladunek artega jartzen nautela, lehergailuak imajinatzen ditudala haien zakuetan, eta gogor egin behar izaten diedala aurre nire errezeloei.

Etsaiaren ezaugarriz jantzitako bestea baitzaigu, nonbait, moroa; mesfidantza sen ilunenen jomuga. Aspalditik. Auskalo non diren susmo txarren erroak. Baina Noraren amari eta bioi kalte besterik ez digu egiten elkarren hurko ordez etsai aritzeak.

Atzotik biderkatuta dabiltz errezeloak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.