garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Musika

2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Merkataritza zentroak infernu iruditzen zitzaizkion larunbatetan, supermerkatuko orgak tanke, oztopo bihurtutako berriketariak etsai eta haien haur amorratuak frankotiratzaile. Baina hantxe zegoen berriz ere, frontean, hozkailua bete beharra zeukalako. Aurrekoetan bezalatsu, gortzeko eran entzuten zen musika, ume-gurasoen garrasiak baino are gogaikarriago, molde beretik beti, eta galdera zakarrak otu zitzaizkion barazkien eremura heldu eta Bisbalek belarriak zulatzen zizkion bitartean: zergatik zigortzen ote zuten HURA ezinbestean irenstera; zein estrategiari jarraitzen ote zion beti eta salbuespenik gabe gaztelaniazko musika komertziala irradiatzeak. Dezibelio horietan. Non eta Urbil-eko Eroskin.

Apika isilik pasako zukeen amorrua, baina ordainlekura bidean, neuronak karga-karga eginda eta Alejandro Sanz goitik orroka, Bai euskarari ikurra ikusi zuen aurrez aurre. Piromanoari pospoloak ematea bezalatsu izan zen hura. Arreta-gunera jo, erreklamazio orria eskatu eta sekulakoak bota zituen, zarra-zarra denak.

Hiru urte joan dira geroztik. Gaur ere hantxe da koitadua, baina gozo jotzen du musikak, apal, eta belarria luzatuta, euskaraz abesten duenik ere badela jabetu da. Bozgorailuei begira errezoka, eskerrak eman dizkio Eroskiri. Alde ederra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.