Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Taupada

2015eko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Grezian dago berriro Europaren taupada. Horrenbestez, zinez eskertzekoa da Jon Fernandez kazeta honetako berriemaileak Lambros Mustakisi eskutik oratuta eginarazi digun kronika bidezko pasiera.

Erreka joarazi dioten Grezia horren gorputzetako bat baita Mustakis; bat, baina izan daiteke beste milaka: enplegurik ez du 2010etik, kendu egin diote etxea, eta Atenasko Udalaren aterpe bat du babes. Jateko eta beste bizi premietarako, berriz, etxegabeentzako laguntza sare batek argitaratutako aldizkari baten salmentatik hilean ateratako 150-200 euroekin moldatzen da —eta umore tona batekin—.

Tira, aldizkaria saltzeaz gain, larunbatetan hirian gidari ibiltzen da, etxegabeentzako laguntza sare berak antolatutako Ibilbide ikusezinak ekimenean, hondorarazitako Atenas erakusten bisitariei: jantoki sozialak, langabeen taldeak...

Eta, hara, Mustakisekin miserien ibilbidea egiten dutenetako asko turista alemaniarrak dira—egiaz dira bihurriak giza izaeraren bidezidorrak—. Eta, hara, ibilbidea egiten dutenetako hainbatek galdetzen ei diote zergatik ez den Akropolira igo eta zergatik ez duen bere burua bota. Agidanez, ez diote galdetzen, ordea, zergatik ez den armetan altxatu arpilatu dutenen aurka.

Nolanahi ere, Grezian dago berriro Europaren taupada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.