garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Arrauna

2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Gure ikastolan —beste ikastetxe askotan bezalatsu ziurrenik— sarritan ateratzen dituzte haurrak hormen artetik. Mediatekara liburu bila ez bada, herriko igeritokira eraman ohi dituzte, uretan murgiltzeko estiloak lantzera; edo hondartzara, surfean ikas dezaten.

Aurtengoan arraunketa egokitu zaie bi alabei. Xira lodiak nahiz gomazko oinetakoak bizkar zorroan harturik, Hendaiako klub nautikora jo dute autobusez, beren gelako irakaslea lagun dutela, eta hantxe agertu naiz neu ere, argazki kamera aldean, haien balentriak betikotzeko pronto. Salbamendu-jaka hori bana soinean, ur hegalera eraman du taldea 50 urte inguruko gizonak, iazko ikastaroan alaba zaharrenari egokitutako berbera da. Egundoko azalpenak eman dizkie kanoetan jarrarazi baino lehen, arraunak nola hartu, eta bat eta beste, eta bitartean neska-mutilak hari erne, euritan hotz, haize kontran, itsasoari aurre egiteko teknikak ikasteko irrikatan.

Amaitu dutenean, agur egin dit niri ere gizonak, eta burua goratzearekin batera, trebea dela aitortuko niokeen, baina iazko gertaera etorri zait akordura, haurrekin batera heldu zen andereñoari egin ziona. «Hori ez da irakaslea, ezin liteke! —esan zien denei ozen, muturra okertuz—, frantsesik ez daki eta zer demontre erakuts dezake!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.