garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Proiekzioa

2015eko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ez da lehen aldia, kalean, arrotzen batek laguntza behar, edo autobusik pasa ote den ikasi nahi, edo dena delakoaren berri jakiteko argibide bila hasi, eta beregana jo izana zuzen-zuzenean. Bakarrik dabilenean gertatzen zaio nagusiki, alboan beste inor ez dihoakionean. Eta askotan galdegin dio bere buruari, laguntza eske heldu den horrek zergatik jo ote duen hain zuzen bera, begiz. Zergatik ez den, esate batera, farmazia atariko gizaseme irribarretsuarengana joan. Zergatik ez dion gainontzean, bera baino lehen gurutzatu duen amatxi bizkorrari galdetu, edo bankuan eserita dagoen bikote gazteari, haiek denek prestutasunerako itxura izaki. Zer ote den, bere kasuan, galdetzaileak erakartzen dituen berezitasuna.

Halako egoerak zer pentsa eman izan dio beti, eta bere estimuaren aldeko uste harroak hauspotu ditu, dena esaten hasita: gorputz espresio gozoa ote duen, segurantzia transmititzen ote duen, baikortasuna...

Gaur, baina, oso bestelakoak iruditu zaizkio gauzak. Arrotzari laguntza eskatzerakoan markarik gabekora jo ohi dugula irakurri du berriki, normalak ematen digula konfiantza, erdikoak, ez eder, ez itsusi, ez zakar, ez gozoegi denak. Eta bekozkoa jarrita irten du etxetik, gordin esanda, arrunten artean arrunt sentitu delako. Bai alua mundua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.