martxelo otamendi
Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma. EDINBURGOKO KRONIKAK

Sudandarra

2014ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ez da erraza kalean topatzea bihar zer bozkatuko duen erakutsiko duenik. Oso bakanak dira YES edo NO dioen itsasgarria daramatenak, eta oso noizbehinka ikusten dira banderak autoetan. Kilometroak egin behar dira Edinburgoko kaleetan, dozena erdi etxetako leihoetan baiezko edo ezezko botoa eskatzen duten txartelak zenbatzeko.

Horregatik da deigarria Abdelrahman Omer el-Tiraifiren kasua, lasaitasun guztiarekin erakusten duelako paparrean YES jartzen duen txapa. Edinburgoko erdiguneko lokutorio baten jabea da, eta ez zaio asko inporta bezeroek ilaratxoa sortzea kazetariari arreta egitearen ondorioz.

Sudandik etorri zen Edinburgora, duela 17 urte, 38 zituela. «Orain Ipar Sudan deitzen den alde horretakoa naiz ni», zehaztu du. Aitortu du bezero batek baino gehiagok jo izan diola adarra sudandarra izanda horren modu naturalean Eskoziako independentziaren alde egiteagatik. «Oso kanpaina lasaia da, inor ez da inorekin sartzen, eta inork ez dio nire lokutoriora sartzeari utzi ni baiezkoaren alde agertzeagatik», esaten du naturaltasunez. Ondoko denden jabeak independentziaren aurkakoak dira, baina horrek ez du harremana ezertan aldatu.

El-Tiraifik garbi dauka Eskoziaren independentzia onerako izango dela, Eskoziarentzat eta baita berarentzat ere. Kanpaina hasieratik dago baiezkoaren alde, baina Salmondek eta Darlingek izan zituzten telebista eztabaiden ondoren, are argiago dauka. Haserre dago, azken asteotan ezezkoaren aldekoak itsusi jokatzen ari direlako: «Mehatxua besterik ez dugu entzuten, jendea beldurtzen ari dira, azken orduan urduri jarri direlako».

Gaztetatik datorkio politikarako interesa. «Unibertsitatean, konputazioa ikasten ari nintzen garaian, beti eduki nuen interesa». Sudanen, liberal-demokratei ematen zien botoa, eta Eskozian, laboristei. «Ez diot sekula botoa eman Salmondi, ez zait gustatzen, baina hemen auzia ez da Salmond bai edo ez, baizik eta Eskoziaren etorkizuna, eta nik independentzia nahi dut».

Inguruan denetarik dauka, familian ere bai, aldekoak eta aurkakoak. Berak bezala negozioa daukaten ezagun eta lagunen artean, gehienak ezezkoaren alde daude: «Beldurra diote, behin independentzia lortuta, hasierako trantsizioko bi urteko epeari, egonkortasun gutxiko garaia izango delako; duda handiak izango dira, Londresek eragozpenak jartzea aurrikusten dutelako, eta horrek beldurtzen ditu nire lagunak». Saiatzen da lagunak lasaitzen, eta bi urte horiek baino urrutiago begiratzeko proposatzen die.

Bera bezala Europatik kanpo jaiotako ezagun batzuk beldur dira baiezkoak irabaziz gero arrazismoak gora egingo ote duen. «Esaten diet horrek ez daukala zentzurik, arrazistagoak direlako Edinburgon ezezkoaren aldekoak baiezkoaren aldekoak baino».

El-Tiraifi seguru dago baiezkoak irabaziko duela. Duela egun pare bat Londresko gobernuko lehen ministro David Cameronek esan zuen boto bakar batek erabaki dezakeela Erresuma Batuaren eta Eskoziaren etorkizuna. Abdelrahman Omer El-Tiraifirena izatea bakarrik falta da. Poztuko da gure informatikaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.