Katuajeak

Aldamioak

Lorea Agirre.
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Gurasoek Lete, Laboa eta beste ikustera eramaten ninduten. Ormaiztegiko frontoian egin zen kontzertu batera, behin. Grisen kontrolak errepidean: autoaren atzeko aulkian9 urteko neskatila bat. Ez genuen kontzertura joateko itxurarik izango. Orduan ikusi nuen lehen aldiz Lete: bizar beltz sarria, txima luzeak, trumoi ahotsa. Eta nik ikastolako ipuin liburuan ageri zen basajaun huraxe ikusi nuen taula gainean. Gero ez dakit grisak sartu ote ziren frontoira edo ez, baina tentsioa eta korrika txikiak izan ziren. Aitaren magala munduko babeslekurik seguruena zen. Hori zen kulturaren transmisioa. Horrela joan zitzaizkidan eraikitzen gerora izango nintzenaren barne aldamioren hainbat adar.

Orain ni joaten naiz umearekin KenZazpi entzutera. Eta haren adin berean nik egiten nuen moduan, begiak zabal-zabalik, taula gainean gertatzen den guztia jan, irentsi eta barneratu arteko onik ez du izaten. Sartu aurreko ezin kabitua, eta aulkian eseri orduko ezin mugitua. Ez du zirkinik egiten, ez du xehetasunik galtzen, ez du txintik esaten. Bi ordu luzeko kontzertu zirraragarria izan zen larunbatekoa: Kursaala lepo, giroa bero, eta taldea eskuzabal, dena emanda. Maitasun kantuak nola kantu politikoak, harrigarriki konbinatuak, gauza bera balira bezala—ez al dira gauza bera?—, poparen erritmo indartsu baina amultsuan. Hori da transmisioa. Aldamio adaxka gazteak.

Musika elikagaia da. Gainontzeko kultur adierazpide guztiek bezala, musikak norberaren bizitzako une askori zentzua ematen die jaten. Eta areago, taldetasuna elikatzen du, kide egiten zaitu. Doinu jakinetan eraikitzen du komunitate baten izatea eta memoria. Herrigintza baten eraikuntzarako aldamioaren oinarri.

Elikagaia, eta baita bisbaporuba ere, katarroa leuntzeko ukendua, Ruper Ordorikak, joan den larunbatean, Azpeitian eman zuen kontzertu bikainean —beti bezala, klasiko bat— aipatu zuenez. Maite duzun hori zaintzeko modua. Sanagustin kulturgune berrian jo zuen. Kontzertuak emateko lehengoratu den eliza bat da, aurretik haur eskola, udaletxe eta harategi izana. Ederra, santuak aldaretik ez kenduagatik. Herriko plazan bertan. Eta ederrago dena: orain dozena bat urte sortu zen herriko kultur talde guztien elkarketak erdietsi duen emaitza da. Herriko talde guztiak, udaleko ordezkariak eta hainbat banako, berdinetik berdinera, biltzen dituen kultur mahaia da bide horren azken urratsa. Kolore politikoak kolore, eta aldaketa politikoak aldaketa, herriarentzat eta herriaren eskutik kultur politika beregaina egin ahal izateko bidea zabaldu dute. Kultur politika ulertzeko eta praktikan jartzeko eredu berri bat da. Uztarria esperientzia. Aldamio berri baten lehen mailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.