Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Dikea

Publizitatea

Iritzia

Dikea

 

2015-07-21 / Josu Jimenez Maia - Idazlea

Zoya Kosmodemyanskaya gazte errusiarraren historia aski ezaguna da. 18 urte baino ez zituela gerrillari izateagatik eta Werhmacht-eko zalditeriaren batailoi batek okupatutako herri bati sua emateko akusaziopean naziek urkatu zuten.

Neska gazte hau sabotaje-lanetan aritzen zen beste gerrillari ausartekin batera Errusiaren mendebaldean, maiz etsaien lerroan atzean aritu ere.

1941eko gau batean, salatari baten informazioari esker, naziek Zoya eta beste bi burkide atxilotu zituzten.

Petristxebo izeneko herrira eramanda, bortizki torturatu zuten gerrillarien gaineko informazioa lortzearren. Tortura latzak eta gehiegikeriak gorabehera, Zoyak eutsi zion eta ez zien naziei informaziorik eman: gerra izena baizik ez zien esan: Tania. Naziek ondorioztatu zutenenean ez zutela Zoyarengandik informaziorik erdietsiko, hiltzera kondenatu zuten.

Zoya urkamendira eraman zuten, lepotik zintzilik afixa bat zeramalarik: «Etxe-su-emailea». Bertaratutako lekuko errusiarrek kontatzen zutenez, hil aitzin hauxe esan zuen Zoyak: «Bai, urkatuko nauzue, baina ez nago bakarrik. Ni bezalako bi milioi lagun gara; ezin dituzue denak urkatu».

Zoya urkatu zuten, espektakulua ikustera behartutako herritarren begien aurrean urkatu ere. Soldadu alemanek Zoyaren gorpuari baionetekin eraso zioten, artean sokatik zintzilik zela. Gerora ere alemanek nahita utzi zuten gorpua sokatik zintzilik, gerrillari bihurtzeko ideia izan zezaketenei abisua emateko. Historiaren pasarte hau jaso zuen S. A. Sviridovek ez du jasotzen beste zehaztapen bat: antza, indar sobietarrak hurbiltzen ari zirela, Zoyaren gorpu izoztua beste eraso bat jasan eta soldadu aleman batzuek bular bat erauzi zioten baionetekin. Zoyaren gorpu ebakia ez zuten lurperatu ahal izan indar sobietarrek herria askatu arte.

Zoyaren tragediari buruzko dokumentazioa anitza da, eta Sobier Batasunaren garaian gerrillari gazteak jasotako errekonozimendua handia izan zen, eta haren omenez egin oroitarria eta haren izena daraman eskola, horren adierazgarri.

Ezer gutxi dakigu, alta, Zoya salatu zuenaz, eta beraren gainean narrazio ezberdinetan errepikatzen den zehaztapen bakarra dakigu: Zoyarenganaino soldaduak eraman zituen salatariak ordainetan botila bat vodka jaso zuela. Hori baino ez. Ez dirutzarik, ez oturuntzarik, ez bizimodu berririk... Botila bat vodka baizik ez.

Niri horrelako tragedietan heroiaren soslaia edota bizitza baina, salatariarena egiten zait erakargarria. Zerk eraman zaitzake zure herrikide bat salatzera nazien aurrean? Naziak Zoya eta beste bi gerrillariak gordetzen ziren basoaren txoko ezkutu horretaraino soldadu naziak eraman zituen gizon hori nolakoa ote zen? Nola zuen izena? Familiarik al zuen? Maite al zuen poesia? Vodka baino gutxiago maite al zuen? Ala nazia zen berau, eta ez salataria, txibatoa?

Salataria, txibatoa, informatzailea... Gizon horri buruz nork idazten duen, modu batez ala beste batez deituko du. Jakinen bagenu zerk bultzatuko zuen Zoya herrikidea salatzera, horren arabera asmatuko genuke modu batez ala beste batez deitzen.

Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralak, CIAk, akronimo baten bide zehazten ditu zeintzuk diren traizioa egiteko arrazoiak: mice —sagutxoak— hitza osatzen duten lau letra horietan biltzen dira traizio bat egiteko arrazoi nagusiak: m-money, dirua; i-ideology, ideologia; c-compromise, konpromisoa; eta e-ego, egoa. Nahi bada akronimo modura gogoratu, euskaraz, beste hitz bat sortzen da: dirua, ideologia, konpromisoa eta egoa: dike.

Zoya Kosmodemyanskaya gazte errusiarra salatu zuenaren arrazoia, guk dakigularik behintzat, ez zen ez dirua, ez ideologia, ez konpromisoa, ez egoa izan, botila bat vodka bat baizik. Traiziorako arrazoiak biltzen dituen euskarazko dike hitzari eransten ahal diogu beste letra bat, a letra hitza bere osotasunean finka dadin geure buruan: alkoholaren a letra erantsi diezaiogun dikea osatuz.

Eta ez gaitezen itsutu traizioa egin zuen errusiarraren gaineko datu falta dela eta. Hemen ere, geurean, baditugu-eta traizioa egin dutenak.

1936ko altxamendu militarraren ondoren eta ondorioz Larragako errepublikazale batek ihes egin zuen, herritik iparralderantz, bakarrik. Iruñerako bidean Erreniegan barna ibili zen, ezkutuan. Baina, beharrak hartaraturik, mendian zebilen gizon bat ikusi eta laguntzeko eskatu zion: jantzi berriak behar zituela, eta jateko zerbait ere bat. Erreniega mendiaren maldan dagoen Legarda herrikoa zen gizon hura, eta baietz esan zion, ekarriko zizkiola prakak eta janaria... baina gauza horiek dirua balio zutela eta dirua emateko. Larragako iheslariak dirua eman zion Legardakoari, eta honek, biharamunean, jantziak eta jatekoa eraman zizkion Larragako ezkutatzen zen tokiraino; eraman, guardia zibilak ere eraman zituen. Guardia zibilek bertan hartu eta bertan hil zuten Larragako errepublikanoa. Gorpua oraindik hor dago, Erreniegaren bide bazter batean, hiltzaileek abandonatu zuten leku beran, bere gorpua ez baita oraindik berreskuratu.

Lehen aitortu dudan bezala, horrelako tragedietan niri biktimaren soslaia baino erakargarriagoa egiten zait salatariarena. Gure aita zena Erreniegaren inguruko herri txiki batekoa izaki, Legardakoaren berri zuen. Gizon horrek Barrabas zuen izena, Legardako Barrabas. Izena eta izana. Badakit Barrabasek bizitza miserablea eraman zuela, bakarrik, isolatua, gaizki ikusia herrian... Ez dakit dirua, ideologia, konpromisoa ala egoa izan zen traizioaren akuilu, baina, entzun dudanez, ardoari emana bizi omen zen bizitzaren azken urteetan, inolako damurik agertu gabe bizi ere. Ardoaren a letra, alkoholarena, berriz ere agerian, dike hitzari falta zaion a hori dikea berriz ere osatzeko. Dikea ere euskal memoria badelako.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak