Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Zubigintza

Publizitatea

Iritzia

Zubigintza

 

2015-05-22 / Igor Calzada - Berrikuntza politikoan doktorea, Oxfordeko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea

Gerra garaian, zubiak ei dira leherrarazten diren lehenak. Hauteskundeak ditugu igande honetan. Euskal Herriratzen naizen honetan, alderdiak ohiko (eta bestalde) normalak diren jardunbide elektoralistetan ikusten ditut lubakituak. Boza eskuan (ia prest) dakart, hauteskunde normalizatuek (oraindik) eragiten didaten poza, ez-ohiko izateak harriduraz blaitzen nauelarik; indarkeria politikoaren tunelean igaro ditugun pasarte ilun, disfuntzional, gatazkatsu, bideraezin eta malkartsuak oroitzen baditugu bederen.

Baina Sarrionandiak, bere ohiko maisutasun metaforiko sentziloaz baliatuz politikagintzaz aritu zaigun bere agerraldi magikoan, euskal politikagintzari hustuketa oteizar bat ez ote zaion gertatu iradokitzen digu. Beharrezkoa al genuen, indarkeriaren ekaitzaren ostean eta bakearen barealdian, proposamen politiko estrategiko bat bideratzeko abagune bat? Guztiz. Beharrezkoa, hauteskunde giroko alderdikeria/tribugintzatik haratago, hauteskunde ostean, ondo probesten badugu gure alde denbora.

Bakea atzeraezin bihurtu eta gure herrigintzarako, ezinbestekoa dugun hizki larriz egikaritzen hasi behar dugu politikagintza. Orotariko eduki politiko estrategikoak, guztien artean adostu/desadosteko. Baina maiatzaren 24aren ostean zer? Sarrionandiaren hitzetan, euskaldunak polikagintzan, irrealistak, alferlan-zaleak eta borrokalari prestuak omen gara. Beraz, tribugintzaz haratago, ezberdintasunak ezberdintasun, zubigintzaz ekingo bagenio gure herrigintzak beharrezkoa duen egunerokotasun eta politikagintza estrategikoaren uztarketa bati? Zeintzuek izan beharko lukete gure poxpolo, mailu eta karakola?

Nazioartean, Euskal Herria, historikoki zartatua izanagatik, biziberritzeko gaitasuna etengabe erakusten duen lurralde bat bezala perzibitzen da. Anitza eta konplexua, horrek dakarren aberastasunarekin. Hala ere, norabide ezberdinetan gezi gehiegi ditu. Ezberdintasunak ondo ez kudeatzearen seinale. Ondorioz, herrigintzarako norabide estrategiko bateratu bat kanalizatzea kosta zaigu. Kanpotik, mapa bat, zatikatua, norabide ezberdinetara doazen mila gezirekin bezala ikusten zaigu.

Zubigileek ekarri diote bakea Euskal Herriari. Agian, herrigintzari, hauteskundeen ostean ere, mapa politiko gardena ikusten dugunean, guztien artean josi beharreko proposamenak zirriborratzeko tenorea iritsiko zaio. Tribugintzatik haratago, egunerokotasun eta politikagintza estrategikoaz arduratuko den lan jardun mankomunatuari.

Zubirik gabe hiriak hil egiten diren era berean, zubirik gabe gizarteak ez dute arnasarik hartzen; hutsarazten ditugu. Erabakiak prestatzeko, zubien bidez, proposamenak egin behar dira; horiek entzun, eztabaidatu, dudan jarri, ikasi eta ulertuz. Arrazoia izatearen ustearekin ez da aski. Izan ere, epe luzeko eztabaidak beharko genituzke, hain epe luzeko ezen jakin beharko baikenuke inorena ez dela arrazoia, non eta ez den biona.

Igande honetatik aurrera, horretarako prestatzen hasi beharko genuke, patxadaz eta presarik gabe baina baita etenik gabe ere. Erabakitzeak suposatzen duen ardura eta eskubide demokratiko gorenak, eskuez gain, buruak ere behar baititu: sinapsi jostunak, herrigintzarako zubigileak.

Udal eta Foru Aldundietan, hauteskundeek zilegitzen duten erakunde ordezkaritzan egongo diren agintariek, denek, diren tribukoak izanda ere, ardura gehigarri bat dute. Ene ustez, abagune honetan, euskal gizarte eta gizabanako bakoitzari zor diotena. Beraien ardura politiko eta instituzionala kontuan izanda, zubi bihurtu beharko lirateke.

Berriki zendu den Ulrich Beck-ek ondo baino hobeto azaltzen duen moduan, ez da aski hauteskundeetako bozak banatu eta ospatzeak. Alderdi politiko eta erakunde publikoetako agintariek honakoaz jabetu beharko lukete berandu baino lehen: eurak ez dira jadanik gizarte etorkizuna eta herrigintza bera eraldatu eta zilegitzeko esparru eta subjektu bakarrak. Izan ere, demokraziak beste jardunbide egokituagoak eskatzen baititu egun politikagintzaren beste nozio eta herrigintzarako. Gure eskubideaz kontzienteagoak garen hiritarron aldetik. Hain zuzen, erabakiak landu eta eztabaidatzearekin batera, gure ekarpen xumea egiteko prest gauden demokraziaren unitate gorena garen gizabanakoak.

Hitzez eta ekintzez, borondateari jarraitzeko asmoz, akademia eta politikaren artean elkarlana ezinbestekoa iruditzen zait. Gizarteari, hauteskundeetarako deialdiez gain, herrigintza proposamenak egin behar zaizkio. Alde horretatik, Eskozian eta Katalunian, baina baita nazioarteko beste hamaika txokotan ere, berrikuntza politikoaren proiektu eta egitasmo asko ikusten ari gara. Akademiko eta politikariez gain, gizarte mugimendu, komunikabide, enpresa, hiritar eta orotariko zubien bidez egikaritzen ari direnak. Ahalduntze demokratikoa eta erabakitze-eskubidea politikagintzatik haratago gertatzen ari da nonahi.

Gure gizarte zartatuak zubigintza behar du, pitzatu eta suntsituta geratu den ehundura moral eta soziala berriro josteko. Zubiak berriro eraikitzeko. Baina proposamen zehatzen inguruan. Proposamen ideologiko guztiek bermatuak izan behar dutelarik eztabaidan.

Asmo horrek bultzatuta, maiatzaren 24ko hauteskundeen ostean, uztailaren 9 eta 10ean, Donostiako Miramar jauregian, Berrikuntza Politikoa: Konstituzio-Erreforma, Erabakitze-Eskubidea, Autogobernua eta Independentzia udako eskolaren lehenengo edizioa burutuko da, politikari, akademiko, gizarte mugimendu eta hiritarren artean. Zubigintza izanen da bere ardatz nagusia: gai guztien inguruan, guztien artean adostu/desadostasun bideratuz, erabakiak eta eskubideak zedarrituz.

Bake garaian, zubiak berreraikitzeak gure esku (eta buruetan) egon behar duelako.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak