20. Korrika. NIRE LEKUKOA

Korrika

2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun

Korrika esan eta zer datorkidan burura? Ba, 17. Korrika, batez ere. Azken metroak egiteko ohorea, jendez inguratuta, lagunez inguratuta, negarrez, barreka, hunkituta, pozik. Esango nuke, hala ere, Korrika guztietatik jaso dudala zerbait. 1980an sortu eta aurten 20. ediziora iritsi den euskararen aldeko lasterketa honetako partaide sentitu naizela beti. Oroitzapenak, bizipenak, emozioak, pozak nahasten dira Korrika aipatzean.

Ume-umetan, ikastolakoekin, gure kilometroan Korrikaren zain egotearen urduritasuna, barretxoak, ezinegona. Eta furgonetarekin batera iristen ziren musika, festa, oihuak: ika ika ika, badator Korrika. Eta umeok zoratu egiten ginen eta sentitzen genuen euskararen alde egin genezakeena korri egitea zela, jai giroan, pozik. Inguruan bestelako sufrimendu eta egoera latzak egon arren, guk ez genekielako beste ezer, zoriontsu izaten baino.

Bizitzan erabiliko nituen lehen sostenak ere Korrikarako estreinatu nituen. Goizean ohe gainean utzi zizkidan amak. Lotsatuta nik berari: «Ama, zer zabiltza?»; «Sostenak jantzi Korrikarako, mesedez», berak —gerorantz, sosten haiek baino askoz politagoak ziren beste batzuk kenduko zizkidan baten bat ere aurkituko nuen Korrikako amaierako festaren batean, gozo, urduri, bero—.

Eskubaloi taldekoekin egindako kilometroak, aldapan gora, kirolariak ginelako. Ika ika ika, playback-ean, ezinean. Dantza taldekoekin egindako kilometroak Gaztelugatxe parean, goizaldean. «Azkar, denbora aurreratu behar da eta!». Furgonetatik guri eskainitako bertsoak eta gure gaztetasunaren indarra gaueko iluntasunean. Bermeotik kanpoko kilometroak ondoren, Bortzirietan maiteminduta, Donostian parranda ostekoak, Londresen egindakoa. Eganen Korrika; Gozategiren bost, sei, zortzi, beatzi; Big Beñat; Ez dok hamahiru ez da malefiziorik. Kantak ikasi, abestu, dantzatu, bizi.

Eta azken metro ahaztezin haiek. Sekretua. Mezua. Hunkipen absolutua. Andre zahar batez gogoratzen naiz, jendez lepo zegoen Donostiako Bulebarrean. Testigua neraman nik, lehenengo ilaran zegoen txaloka bera. Begiradak gurutzatu genituen. Negarrez zegoen, eta irribarre egin zidan. Eta nik berari ere bai, eta eusten nenbilen negarrari ateratzen utzi nion azkenean. Sentitu nuen herri berbereko partaide izatearen hari ikusezin batez lotuta geundela biok, han bildutako guztiok bezala. Zer den Korrika? Hori dena eta gehiago. Amesten dugun herriaren metafora eta gutariko askoren bizitzen laburpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.