Ismael Manterola
BEGIZ

Ikerketa

2017ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Euskal artea ikertu gabe omen dago oraindik. Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak esandakoa da, egunkari honek egindako elkarrizketaren harira.

Ez dakit zer esan nahi duen horrek, euskal artea ikertu gabe dagoela edo hemendik aurrera ikertzeko proiektua daukatela. Biak antzekoak direnez, ez du ematen «oraindik» horrek ñabardura handirik ematen dionik esaldiari.

Ez dago esan beharrik iritzi horrek harritu ninduela. Iritzi diot, ez delako frogaren bidez indartzen egindako egiaztapena. EHUko arte historia irakasle moduan, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak esandakoak min pixka bat eman zidala onartu behar dut. Zer egiten dugu guk Euskal Herriko artea ikertu gabe? Ez al dugu ikertu? Ez al gara ikertzen ari? Ez dut uste hala denik. Unibertsitatetan Euskal Herriko artea ikertzen da eta ikerketa onak egiten direla uste dut. Museoak berak ere, ikerketak bultzatu izan ditu eta emaitza onekin, nahiz eta ez argitaratu edo ez erabili beraien egitaraua osatzeko edo beraien dibulgazio lanetarako. Ez da hor egongo Javier Viarrek sumatzen duen hutsunea? 15 urte izan ditu ikerketa bultzatzeko, eta ez du ematen lan horretan indar handirik jarri duenik.

Bilboko Arte Ederren Museoak ez du inoiz unibertsitatearekin harremanik sustatu, nahiz eta Arte Ederren Fakultatea hiri berean egon eta unibertsitate publikoak Arte Historia saila izan. Erakusketak antolatzean edo bildumako alderdi batzuk aztertu nahi izan dituenean, nahiago izan du Espainiako ikerlariekin lan egin, salbuespenak salbuespen.

Bestalde, Museoaren ardatzetako batek ikerketa izan beharko luke, horretarako diru-laguntzak banatzen ditu urtero. Lan horrek emaitza onak eman ditu, baina mahai bateko tiraderan lozorroan geratu dira euskal ondareari eta arteari buruzko ikerketa interesgarriak. Nik, behintzat, bi adibide jarriko nituzke, museoan erakusketak eta dibulgaziorako ekimenak (liburu edo katalogo eta guzti) merezi dituztenak: ni bezala EHUko arte historia irakaslea den Javier Muñozek Gerra Zibilaren garaian Museoak izan zituen gorabeherak aztertu ditu eta Mikel Onaindiak Museoaren bildumaren jatorriari buruzko ikerketa. Ez dut ulertzen museoak diru-laguntzak ematea ikerketak egin ahal izateko eta gero ez erabiltzea; dirua alferrik gastatzeaz gainera, museoaren egitekoaren beraren kontra doala iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.