Ismael Manterola
BEGIZ

Igor

2016ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Guztiok dakigu zer esan artista ezagunen bat hiltzen denean. Haren lana baloratu, zerbait aipatu gure inguruan bete zuen tokiari buruz, artearen historiari egindako aportazioakā€¦ Baina nola idazten da artista ezezagunaren heriotzaren nekrologikoa? Profesionaltasunaren bidea aukeratu ez baina arterako grina, zaletasuna eta interesa izan duten artistena diot. Arte ikasketak egin arren eta arte lanbidean sasoi batean murgilduta egon arren artea begi zeharka jarraitzea erabaki zutenena diot.

Artearen mundua ez dago artista profesionalez bakarrik beteta. Ikaslez, irakaslez, zalez, teorialariz, amateurrez, ordu txikitan arteari buruz hitz egiteko gogoa (gehiegizko gogoa, askotan) dutenez eta abarrez beteta dago.

Horregatik, horietako bat hiltzen denean, aurreko astean Igorrekin gertatu zen bezala, arteak zerbait galtzen du. Beharbada, sistemak ez du igarriko, sistema handi guztiak bezala sentsibilitate gutxikoa delako, baina sistema horren zelula txiki bat osatzen dugunok falta sumatuko dugu. Igorren iritzi zorrotzak eta iruzkin gogorrak bezain gogotsuak faltako zaizkigu hemendik aurrera.

Artea museeotan eta enkanteetako diru kopuru handien artean dagoela pentsatzen duen jendearentzat ez da ezer gertatu, ez da beraien ondarearen balioa biderkatuko artista hiltzean, baina artea edozein tokitan dagoela pentsatzen dugunontzat gabezia txiki hauek (handiak Igorren kasuan) artearekin dugun eguneroko harremana zerbait aldatuko dute; ez gehiegi ere, denborarekin ahaztu egingo zaigulako orain sentitzen dugun hutsunea, baina hemendik urte batzuetara Arte Ederretako Fakultateko ekintza bati buruz hitz egiterakoan haren izena aipatutakoan, edo Hurrengo taberna arteko erakusketa hartan jarritako koadroei buruz hitz egindakoan, edo ETBko telesail baten gidoigileen izenen artean Igorrena pantailan idatzita irakurritakoan, berriz ere gure burura etorriko da ezagutu genuen artista (euskarak duen Ʊabardura txiki horrekin ulertu artista hitza).

Arteari buruzko iritzi koloma bat izateko gai intimoegia aukeratzeaz damu naiz idazten hasi orduko; hasieran onartu dudan bezala, ez dakigulako zer esan horrelako egoeretan, batez ere irakasleak ez gaudelako prestatuta ikasle izandakoen heriotza onartzeko. Badirudi hurrengo belaunaldien heziketa lanetan gabiltzanak onartua dugula gure atzetik datozenek gu gaindituko gaituztela. Hala ere, bizitza den bezalakoa da, aurrena Egoitz, gero Unai, orain Igor eta nik jakin ez ditudanak ere izango dira, abisatu gabe joan zaizkigunak. Behintzat bizi izan dira, guk nahi baino gutxiago, baina suertea izan da ezagutzea. Arteak lotzen gintuen; ez da aitzakia txarra jendea ezagutzeko eta gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.