LIBURU AURRERAPENA

Hondamendia

Xabier Montoiak 'Hondamendia' ipuin liburua aurkeztuko du datorren astean. Behialakoak nahiz egungoak, mundu osoko eta garai guztietako hondamendien berri ematen du. Liburuaren izenburu bereko narrazioaren pasarte bat da orrialde honetakoa.

2015eko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Elkarrizketa bat egin zioten behin. Ez zen preseski izan berak, Aitor Urkolak, espero zuena (abuztua zen, kazetariak egunkariak betetzeko larrien ibili ohi diren garaia), baina bai sekula egin dioten bakarra. horregatik du oraindik gogoan, horregatik eta harrezkero hamaika aldiz irakurri duelako ere bai. Amaren etxean du, bere gainerako altxorrekin batera: Maddi eta biak (irriz!) ageri diren argazkia, bere liburu bakarraren zenbait ale, eta abar. Ongi gogoan du elkarrizketatu zuen kazetari gaztea ere —bolizko matrail-hezurrak, begiak bi esmeralda, ezpain bete gonbidagarriak, zango luze bikainak—, eta nola galdetu zion, ernegu antzeko zerbait ahotsean: Baina, zu zer zara, zehazki?

Hondamendietan aditutzat jo zuen bere burua, erantzun umoretsu bat eman nahian. Kazetariari kopeta akasgabea une batez argitu zitzaiolako uste osoa izan zuen, eta, urte anitz joanagatik ere txinpartatsua nahi zuen definizio haren ondotik, oraindik horretan dago. Nolanahi ere, hark serio demonio jarraitu izan balu ere, berari bost, gero eta egokiago baiteritzo orduko erantzunari. Bere lanbideaz ari zitzaion kazetariari, jakina, azken hogeitaka urtez munduan izan diren hondamendi ugarietatik askotxotan ibili ondoren. Gerrak, lurrikarak, haizeteak, goseteak, suteak, izurriteak, zer ez du ezagutu? Ibiliaren ibiliaz ikasi du dakiena, eskarmentu hutsez. hori adierazi nahi izan zion.

Traketsa da hitzekin (horregatik idazten ote?), beti izan da. horrek hainbat buruhauste eragin dio, hainbat nahasmen petral. hala iruditzen zaio, bere bizitza zer izan den pentsatzera derrigorturik dagoen honetan. Gérin ere horretan ari da, irudiz. Burumakur, kopetilun, haren baitako zurrunbiloa erraz irudika dezake. Aspaldiko lagunak dira, eta ongi baino hobeki ezagutzen dute elkar, beraz. Urkolak asko zor dio. Irakatsi zion lanbideaz gain, bizia ere zor dio: hilik legoke Ruandatik atera izan ez balu. Kigali sutan zegoenean eta bera bakar-bakarrik hotel merke bateko gela batean, haraino lagundu zuen argazkilariak deus esan gabe alde egin ondoren. Médicins sans Frontières erakundearentzat lan egiten zuen Gérinek, eta haren laguntzaile hasi zen, batez ere antolakuntza lanetan. Errefuxiatuen guneetara eraman beharrekoak eramateko kamioiak bilatzen eta ordaintzen zituzten, sendagileak eta erizainak bertako sasi ospitaleetan banatzen, eta beste hamaika halako. harrezkero, elkarrekin ibili dira biak, hainbat kontinentetan barrena.

Gérinek begiak itxita dauzka. Thompson ingelesak ere hausnarrean dirudi. hirurak dira paretak Koranaren suraz beterik dituen gela honetako bizilagunak. Bizilagunak? Ez, bahituak. Alepon lanean ari zirelarik atxilotu zituzten, oraindik zehaztu ezin duten erakunde islamzale baten partaideek. Atxilotu eta, egun batzuk batera eta bestera ibili ondoren, gela honetan sartu zituzten, aspaldi, oso aspaldi. Ezer gutxi dakite gertatzen ari zaienaz. Sirian jarraitzen dutela uste dute, baina Iraken edo Libanon ere egon litezke. Edo basamortu baten erdian. Aukera ugari, gutxienez, bahituak dituztenen nortasunari buruzkoak beste. horren gaineko hipotesiak egiten eman ohi zuten hasieran denbora. Bakoitzak bere iritzia azaldu eta horren aldeko arrazoiak aipatzen zituen. Laster, ordea, alferrik ari zirela ulertu zuten. Aspertu egin ziren. zentzurik gabeko jarduna zen hura, inondik ere. hortik aitzina isilik egon dira, gehienbat oroimenaren matazan harrapaturik. Esperantza zapuztuak, bizitza oso baten damuak, bazuten zeri eragin, bai, eta eragiten aritu dira harrezkero, handik ez zirela bizirik irtenen susmatzen hasi zirenetik, batik bat. No future!

Gaztetako lelo hori kantatu ohi die Thompsonek, etor kizun dutena solasera ekartzen duten bakoitzean. Gauza bera kanta dezakete haiek ere: ozta ordu batzuk lehenago bahitzaileek grabaturikoak argi utzi die zer gertatuko den hurrengo. zer gertatuko zaien. Bakoitzari dagokion gobernuari salbatzeko erregu etsiak filmatu eta, luze gabe, hondarreko grabazioa etorriko da, behin betikoa: begiak tapatuko dizkiete eta aizto zorrotz batek eginen die, kameraren aitzinean, zintzurra. hiru fedegabe, hiru deabru gutxiago munduan. Horra.

No future, hiruretariko inork ez baitu uste gobernuek deus eginen dutenik. Ezin dugu terroristekin negoziatu, adieraziko dute, hori eginez gero, bahiketak ugarituko lirateke, eta terroristak sendotuko. Politikariak ezagutzen dituzte, eta haien baitan ez dago esperantza izpirik: haienak egin du. horregatik daude isilik. Amorrua eta ernegazioa esperantza bezain alferrikakoak direla ikasi dute, denboraren poderioz. Badakite beren egoeran edozein keinu zakar edo hitz gora, alferrikakoa izateaz gain, itsusia ere litzatekeela. Oroimena geratzen zaie soilik, eta horri atxikitzen zaizkio, kosta lain kosta.

Urkolak behiala kazetari panpoxari emaniko erantzuna oroitzea ez da kontu nartzisista hutsa: guztiz irrigarria da bere egoeran, aise irudika daitekeenez. Aitzitik, bere bizitzaren funtsa horretan datzala iruditzen zaio. hondamendirik gabe ez litzateke ezer. Esaterako, Maddik eragin ziona gabe, sekula ez zen etxetik mugituko. Edo, bere ustezko lagunak Kigalin traizioa egin izan ez balio, ez zukeen Gérinekin topo eginen —hobeki agian, begira nora ekarri duen—. Edo bere literatur hondamendia: inork irakurri ez zuen Lili bat apika izeneko poema bilduma. Poema onak ziren, bere ustez, batere aipamenik gabe oharkabean pasatu zirenak, kritikariek askoz okerragoak ziren beste poeta batzuk famatzen eta Parnasora —edo Olinpora ote zen?— goratzen zituzten bitartean. hori gabe, ordea, inoiz ez zen azken urteetan esku artean izan duen egitasmo erraldoian murgilduko. Baina lotu egin zitzaion, halako lanak derrigortzen zuen gisan. Eta lotu ere, zer egin behar zuen hausnartzen makina bat hilabete iragandakoan. Orain bezala, egin zioten elkarrizketa bakarrean esandakoak gogora ekarri eta, bat-batean, argi ikusi zuen: hondamendiak, horra nire gaia, horra zertaz mamitu behar dudan nire ametsetako liburua, euskal irakurle eta kritikari ezjakinak ez ezik, mundu osokoak durduzatu eta txundituko dituena. Ideia horrek eraginiko pozarekin batera, lehenago bururatu ez izana damu zitzaion, euskal kritikariei bere balioa lehenago aitortu ez izana damutuko zitzaien bezalaxe. hain zen ideia sinplea, hain zen logiko eta begi-bistakoa: hondamendia. Dena zegoen horretan, edozein gizon edo emakumeren sentipenak, muturreraino eramanak, gainera. hil ala biziko egoerak izan ohi dira hondamendienak, ez itxurakeriarik, ez gezurrik onartzen ez dutenak. Maitasunak, adibidez, goia jotzen du halakoetan, biluzien eta distiragarrien agertzen da, itsugarrien. Semea edo alaba salbatzearren bere burua galtzen duen ama edo aitarengana doakio gogoa, eguneroko ogia mikatz duten herrialdeetara, hango lazgarrikerietara. Beirut, Sudan, Kaukasoa, Bali, El Salvador... handik eta hemendik, atertu gabe datozkio ehunka irudi bortitz, oinazearen entziklopedia eskerga osatzeko. zerbait shakespearetarra, nolabait adieraztearren: hotsa eta ardaila. Edo tolstoitarra: gerra eta bakea, epika eta maitasuna, lirika eta kanoikadak batera. Gaixo bere garuna, zenbat lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.