Asteburu honetan lehen aldiz egongo dira diru sariak ETE Ligan

Arraunlariek sari ekonomikoa izango dute: bihar Zumaian eta etzi Ondarroan. Ligak sarietarako babeslerik ez duenez, kluben baliabideen arabera dago sariak eman edo ez
Eneritz Diez Zumaiako patroia eta Telmo Deuneko gainerako arraunlariak, aurten Lekeitioko uretan irabazitako ETE ligako estropada ospatzen.
Eneritz Diez Zumaiako patroia eta Telmo Deuneko gainerako arraunlariak, aurten Lekeitioko uretan irabazitako ETE ligako estropada ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko abuztuak 9
Berezia izango da datorren asteburu hau ETE ligako arraunlarientzat. Ez dute ezohiko ezer egingo estropadan zehar, eta ez datorkie hortik berezitasuna. Ondorengoek egiten dituzte berezi Zumaian bihar eta Ondarroan etzi izango dituzten estropadak. Izan ere, aurreneko aldiz, sari ekonomikoa edukiko dute. Irabazleak bandera eta dirua jasoko ditu, eta gainontzeko taldeek, dirua.

Ohiko jokabidea da arraunean, eta halaxe dabiltza aurten ere beste ligetan: gizonezkoetan Eusko Label eta KAE ligetan, eta emakumezkoetan Euskotren ligan. Ez, ordea, ETE ligan. Berdintasunetik erabat aparte dabiltza lehiaketa horretako arraunlariak, eta horren atzean zer dagoen azaldu du Maika Tameronek, ligako presidenteak: «Bigarren urtea du lehiaketak, eta, bigarren urtez segidan, babeslerik gabe gabiltza». Hari horri tiraka, mutur asko dituelako, beste kontu batzuen berri eman du: «Emakumezkoen beste ligan, Euskotrenen, sariak daude, babesleak berak ordaintzen baititu sari guztiak, eta ez klubek». ETE ligan horrelako zerbaiten bila dabiltza, eta jo dituzte ateak; bat bereziki: Eusko Jaurlaritzarena:«Euskotrenen atzean gobernua dago, eta eskatu izan diogu gure ligan ere jartzeko dirua, goikoan bezala, baina ezezkoan dago». Tameronek kontatu duenez, elkartea osatzen duten kluben artean ez dute ulertzen Jaurlaritzaren jarrera: «Azkenean, gure ligan gehiago gastatzen dugu Euskotren ligakoek baino, eta esan izan diogu hori ere gobernuari, baina ezezkoan segitzen dute». Beste ate batzuk ere hor daudela gaineratu du: «Denok ezagutzen ditugu hemengo enpresa handiak, eta garbi daukagu guretzat babesle posibleak izan daitezkeela».

Sarietarako dirua emango duten babeslerik gabe, kluben esku geratu da sari ekonomikoak eman edo ez, haiek baitira ligako estropadak beren herri eta hirietan antolatzen dituztenak: «Hamabost elkartek osatzen dute ETE, eta hor daude Euskotren ligako laurak ere, Orio, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia. Bat etorri gara babeslea behar dugula, eta, lortu bitartean, bakoitzak erabakitzen du saria dirutan ere eman edo ez».

Zumaiakoa hamaikagarren jardunaldia izango du ligak, eta aurreko hamarretan saririk ez eduki izana ez du kluben bizkar gainean jarri nahi izan Tameronek: «Sekulako gastu handia dute elkarteek, eta asko dira emakumezko eta gizonezkoen taldeak dituztenak. Nahikoa lan izaten dute urteko aurrekontua osatzen, eta, horregatik, ezin dute estropada guztietarako sarietan dirua jarri. Beste nonbaitetik etorri behar luke horretarako diruak, Euskotren ligan gertatzen ari den bezala».

«Poztekoa da asteburukoa»

Tameronek badaki biharkoa eta etzikoa salbuespena direla, eta, jakin arren ere ur tantak direla itsas zabalean, pozik azaldu da: «Oso albiste ona da bi estropada hauetan sari ekonomikoak izatea». Zumaian, Udalak berak jarri du diruaren zatirik handiena [bestea Euskadiko Kirol Portuak babesleak jarri du], herrian antolatzen diren estropadetan egin ohi duen moduan. Arritxu Iribar da Kirol zinegotzia, eta gogoeta hau egin du gaiaz: «Nabarmendu beharrik ez legokeen zerbait nabarmentzen ibiltzea da deigarriena. Ez da ulergarria emakumezkoen liga honetan sarietarako dirurik ez izatea. Normalena litzateke dirua izatea».

Ondarroan, kluba bera izan da dirua lortu duena, Hasier Etxaburu zuzendaritzako kideak esan duenez: «Udalak urte osorako laguntza ematen digu, eta estropadetako sariak guk geuk gure kontura lortzen ditugu». ETE ligarako lortu duten bezala, herriko beste eragile baten bitartez. Etxaburuk nabarmendu duenez, «sekulako saialdia eta ahalegina egin behar izan ditugu». Nahiko luke beste arraun elkarteentzat ere pizgarri izatea haien jarduna: «Guk egin badugu, zergatik ez besteek? Ea gureak balio duen besteak antzera jarduteko, emakumezko arraunlarien liga honetan ere sari ekonomikoak izan daitezen. Ez zaigu iruditzen egoera hau batere normala denik, denoi dagokigu urratsak egittea norabide zuzenean, eta ea zabaltzen den joera».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna