Albistea entzun

DARWIN ETA GU

'Malaje'

Jose Mari Pastor -

2015eko uztailak 11

Euskalduna izan daiteke andaluziar bat, hona duela urte gutxi etorritakoa? Bai, zergatik ez? Reyes Prados dugu adibidea. ETBko aurkezlea Sevillatik etorri zen, eta euskara ikasi du. Andaluziar bihur daiteke euskaldun bat? Bai, zergatik ez? Ez luke hain zaila izan beharko. Sevillako neska bat euskara ikasteko gai izan bada, zer oztopo izan beharko luke donostiar batek Malagan andaluziarren erara egokitzeko?

Tú al norte y yo al sur lehiaketa prestatzen ari dira ETB2 eta Canal Sur kateak. Zortzi euskaldun eramango dituzte Andaluziara, eta zortzi andaluziar ekarriko dituzte Euskal Herrira. Giro berrian ondoen moldatzen denak irabaziko du. Emanaldia irailean hasiko da. Aurkezlea Reyes Prados izango dugu. Bitxia da Andaluziako neskaren kasua. Txalogarria eta eredugarria. Areago: hemengo jende asko lotsarazteko modukoa. Ez dio ardura zergatik edo zertarako ikasi duen: lana aurkitzeko edo bikotekidea hemengoa duelako. Berdin dio. Gurean baditugu, ba, hainbat lagun, euskara lanerako beharko luketenak edo maitea euskalduna dutenak. Ez dute ikasi, baina. «Sí, Jon habla euskera y sus aitas también. Los niños van a la ikastola». Nahikoa dute horrekin.

Reyes Prados: andaluziarra eta euskalduna. Batzuek abertzale bihurtzea ere nahi lukete, pasaportea eman baino lehen. Euskara ikasi du. Besterik eskatu beharko genioke? Ez dugu zertan. Are gutxiago euskaldunok hizkuntzarekiko dugun atxikimendu eskasaz jabetzen bagara. Euskara: jarrerak eta iritziak inkesta kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak joan den astean. Emaitzak interesgarriak dira, eta ez oso pozgarriak. Euskaraz dakitenen eskubideak urratzen ote diren galdetuta, herritarren %56 azaltzen dira horren kontra —agian pentsatuko dute soilik erdaraz dakitenen eskubideak murrizten direla—. Eta %93k uste dute bakoitzak eskubidea duela bere hizkuntza aukeratzeko, besteen aukerak errespetatzen baditu. Zalantza da %93 horien barruan dauden erdaldun elebakarrek nola errespetatuko dituzten besteen aukerak, euskaraz ulertzen ez duten unetik bertatik euskaldunen hautua zapuzten ari badira.

Bada besterik, baina: soilik herritarren % 13k nahi lukete etorkizunean bakarrik euskaraz egitea, hau da, euskara izatea hizkuntza nagusia. Herritarren %55ek hizkuntza bietan egiten segitzea nahi dute, euskara orain baino gehiago, hori bai, baina ez dirudi erdara baino gehiago nahi dutenik. Zakurrekin eta umeekin ez ezik, Andaluziatik etorri berri direnekin ere egingo dute euskaraz, agian, gero euren artean erdaraz segitzeko. Zenbat abertzalek pentsatzen dute horrela? Zenbat dira abertzale euskaldunen artean iritzi horretakoak? Ondorioa argi dago: hobe genuke lehenbailehen Ryanair konpainiaren txartela erosi eta Irlandara joango bagina, etorkizun linguistikoa nolakoa izango dugun irudikatzen hasteko.

Abertzale erdaldun horietako batzuek errazago ikasiko lukete Andaluzian andaluziera, hemen euskara baino. Behar den guztia barneratuko lukete. Baita zer den tener malaje, tener muy mala pipa eta tener mala follá. Edo ser un jodío por culo. Eta hona itzuli, eta barreka botako lizkigukete esamoldeak. Euskara ikasi barik, noski. Nahiago nuke Prados bezalako lagun gehiago bagenitu, eta «mi aitite sí que sabía euskera» horietako gutxiago.

Hala ere, gauza batzuk ez lituzkete hain erraz barneratuko. Fidel Uriartek Malaga futbol taldean jokatu zuen, Athletic utzi eta gero. Jokalari bizkaitarra 1974an joan zen Andaluziara, eta bertan amaitu zuen futbol jarduera. Duela urte batzuk, Athletic eta Malaga taldeen arteko partidaren bezperan, elkarrizketa egin zioten. Andaluziako hirian oso ondo tratatu zutela esan zuen Uriartek, bigarren etxea zela beretzat. Pasadizo batzuk kontatu zituen: andaluziarren izaera, umorea, ohiturak... Eta gogora ekarri zuen zer esaten zioten festetan, lagun taldea flamenkoa kantatzen hasi, eta berak esku-azpiak jotzen zituenean soinua ateratzeko: «Vasco, deja ya de aplaudir, anda, que estamos tocando palmas».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Martin Villa, iazko irailaren 3an Servini epailaren aurrean deklaratu ostean, auto barruan. ©JUANJO MARTIN / EFE

Martin Villa, Servinik auzipetua

Arantxa Iraola

Auto batean auzipetu du 1976ko Gasteizko hilketengatik eta German Rodriguezenarengatik

Suhiltzaileak lanean, Gasteizen, artxiboko irudi batean. ©Endika Portillo / Foku

Gizon bat hil da Donostian, taberna batean piztutako sute batean

Berria

Gros auzoko Gure Txoko tabernako sukaldean piztu da sua, goizeko 9:00ak aldera. Taberna itxita zegoen.

Kongresuko hitzaldietako bat, atzo, Hernanin. ©GORKA RUBIO / FOKU

Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sarea aurkeztu dute

Jone Arruabarrena

«Kapitalaren logikarekin eta zapalkuntza modu guztiak» amaitzeko erez aritu dira, Hernanin

Nekane Lekuona. / ©Andoni Canellada, Foku

Minbiziaren ondorioak samurtu nahian umeei

Maria Ortega Zubiate - Gipuzkoako Hitza

Aspanogi elkarteak eskatu berri du protokolo bat ezar dezatela minbizia gainditu duten haurrei jarraipena egiteko. Gaixotasuna gainditu duten haurren %70ek jasaten dituzte ondorioak gerora.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna