Albistea entzun

KRITIKA. Dantza

Izarretaraino

Agus Perez -

2016ko otsailak 16

Sao Pablo Hiriko Balleta

Zuzendari artistikoa: Iracity Cardoso. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Data: Otsailak 12.

Zalantzarik gabe, Sao Paulo Hiriko Balleta munduko konpainia nagusien artean dago. Canela fina izeneko egitarauarekin etorri zen 2008an Miarritzera eta hurrengo urtean Bilbora, eta gaur egun are maila altuagoan dago bere zuzendari artistikoaren eraginez.

Hiru pieza ekarri dituzte oraingo bisitan, eta lehenbizikoa Antiche danze deitu da. Mauro Bigonzettiren lan honetan funtsezkoa da Ottorino Respighiren musika, haren inspirazio handiko partituretan ezin hobeto uztartzen baitira aro barrokoaren maiestatea eta XX. mendearen hasierako gaitasun sinfonikoa. Gainera, ez da harritzekoa dantza lan hau Sao Paulon estreinatu izana, italiar konpositoreak Brasil bisitatu eta Impressioni brasiliane sortu zuelako bere garaian. Bigonzetti koreografoak, berriz, antzeko uztartze bat eraman du eszenara, gortesau dantzetako dinamika pausatua eta keinu garaikide kementsuak bikain elkartuta.

Antiche danze e arie suitean oinarrituta, musikaren mailako inspirazioa aurkitu du Bigonzettik bere koreografian, eta suite dantzatu bat eratu du estilo garaikidea eta barrokoa arlo guztietan kontuan hartuz, gauza banaezinak balira bezala. Bide horretatik, behegaineko argiek lerro diagonalak marraztu dituzte proposamenaren zeharkakotasuna iradokiz, eta jantzietan agerian geratu dira emakumeen gonetako zein gizonen galtzetako armazoiak, larruazalean itsatsitako elastiko laranja, beltz eta beixekin konbinatuta, eta gorputzen edertasuna finezia handiz nabarmenduta.

Hasieratik bertatik erakutsi dute dantzariek beren gaitasun fisiko ikaragarria, eta dohain pertsonal neurrigabeak hedatu dituzte duo ausart ugarietan eta taldekako pasarteetan. Ageriko prestakuntza itzel hori muturreko entregaren eta ordu askotako diziplinaren fruitua da, eta hortik etorritako malgutasun fisikoak artearen goia jo du ariketa atletikoekin batera.

Cayetano Sotorena izan da gaualdiko bigarren pieza —Adastra—, eta izenburu horretan laburbiltzen dira konpainiaren ezaugarri apartak. Esku-programan azaldu digutenez, latinezko esaera batek dio «Per aspera ad astra», hau da, laztasunaren bidetik izarretaraino, eta horrelakoa izan da koreografiaren planteamendua. Aurrekoan bezala, azalean itsatsitako maillotak erakutsi dituzte dantzariek —orain urdin elektriko kolorean—, gizonek toraxa eta besoak agerian zituztela, eta emakumeek azal koloreko elastikoak jantzita. Ezio Bossoren hari-musika indartsuak lagunduta eta tximistaren koloreko argietan bilduta, eboluzio kementsuak eta zatikatuak garatu dituzte dantzariek behe laino mehe batean eta maila goreneko abstrakzio aratzean murgilduta. Aiztoz ebakitzeko moduko isiltasuna sortu da gorputzen arteko konbinazio aldakorrak probabilitate gutxiko euste-puntuetan bermatzen zirenean, eta amaitutakoan entusiasmoz txalotu dute ikusleek, ahots-txaloaldiekin eta guzti, Arriaga antzokian gutxitan entzun dugun bezala.

Amaierako atalean Itzik Galiliren Balcão de amor etorri da ikuslerik uzkurrenen gozamenerako, eta Perez Pradoren antigoaleko boleroekin. Galilik betiko moduan baliatu du talde handiak matematikoki mugitzeko duen gaitasuna, eta betiko moduan tartekatu ditu umore txinpartak bere desplazamendu geometrikoetan. Hala ere, badirudi Mendebaldeko logika arauak txertatu nahi izan dituela Brasilgo mugimendu izaeran, eta horrek nahiko emaitza traketsa ekarri du, aurreko atal bikainekin alderatuz gero.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Miren Billelabeitiaren aurkezpena, Elkar liburu dendan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gazteen inguruko aurreiritzien aurka

Olatz Silva Rodrigo

Miren Billelabeitiak 'Norberak maite duena' saiakera kaleratu du, Pamiela argitaletxearekin. Urteetan gazte eta ikasleekin liburuen inguruan izandako solasaldietan oinarritu du liburua
Robert Treviñok zuzenduko du orkestra. ©JUAN HERRERO / EFE

EOk 'Lorratz' estreinatuko du, Elkanori buruzko proiektuko azken obra

Mikel Lizarralde

Zuriñe F. Gerenabarrenarena da lana, eta Euskadiko Orkestraren denboraldiko laugarren kontzertu programaren barruan joko dute
Plateruena: berriz zabalduko ditu ateak

Durangoko Plateruena kafe antzokiak berriz irekiko ditu ateak

Iñigo Astiz - Paulo Ostolaza

Udalarena izango da, baina kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du; kultur mahai batek gidatuko du. Gune berriak hiru erpin izango dituela azaldu dute: euskara, kultura eta sorkuntza.

Harkaitz Cano idazlea, bere poema liburu berria esku artean duela, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Harkaitz Canok ‘Pozaren erdia’ poema liburua plazaratu du

Ainhoa Sarasola

Susarekin eman du lana argitara. 64 soneto bildu ditu idazleak, eta aitortu du «adiktiboa» egin zaiola hamalaudunaren egituran barneratzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.