Lekukotasuna

Donostian 1966an jaioa. Ipuingintzan nabarmendu da batez ere: Etorkizuna (2005), Biodiskografiak (2011), Idazten ari dela idazten duen idazlea (2012) eta Inon ez, inoiz ez (2014) argitaratu ditu azken urteetan. Euskadi saria hiru aldiz irabazi du: Etorkizuna-rekin, euskal literaturakoa, 2006an; Azken garaipena-rekin, haur eta gazte literaturakoa (Julen Ribas marrazkilariarekin elkarlanean), 2012an; eta Ese idioma raro y poderoso-rekin, gaztelaniazko saiakerakoa, 2013an.

Iban Zaldua.
2014ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Bai, hala da. Ez dute goikoek bakarrik hitz egingo ba. Memoriak eta kontu horiek ondo daude, Madariagarenak, eta Txillardegirenak, eta, estutzen banauzu, baita Antzaren nobela ere. Are Onaindiaren bi liburukiak. Baina zer gertatzen da ni bezalako peoiekin? Kanoi-bazka guztiarekin? Ez al dugu merezi gure egia kontatzea, koplarik gabe? Bai, zer esanik ez. Asko eskertzen dizut, bada.

Bai, familian bazegoen giro hori. Abertzaletasuna, mendigoizaletasuna... Aita preso egon zen luzaro, El Dueson. Baina hamasei urte edo bete nituenetik ez ginen ondo konpondu. ETAz izan nuen lehenengo albistea? Parrokiko kanpandorrean agertu zen ikurrina hura: aitak oso argi utzi zigun ez zela «gureek» jarritakoa.

Txabi Etxebarrieta? Behin bakarrik ikusi nuen. Sarrikon izan zen. Asanblada batera eraman ninduten, baina egun hartan behintzat ez zuen hitz egin; norbaitek seinalatu zidan. Handik urtebetera edo hil zuten. Ni ordurako ETAn nengoen, lan txikiak eginez, zelatatze kontuak, badakizu. Oso gutxi entrenatzen gintuzten, ni behintzat pare bat aldiz baino ez ninduten eraman tiro batzuk botatzera mendira, Pagasarri atzera, pentsa. Hutsaren hurrengoa. Ba ote zuten nire «dohainaren» berri? Orduan ni neu ere ez nengoen seguru eta...

Ez, ez zen txikitatik zetorkidan zerbait, nik banekien zer edo zer berezia neukala, gauzak adi-adi eta luzaroan begiratuz gero lausotu egiten zirela, eta ez zela bistaren arazo bat, nik izugarri bista ona neukalako, kalearen beste puntan jostorratz bat lokalizatzeko gai nintzen garai hartan. Ez, gauzak lausotzen nituen, gardendu eta forma galarazten nien, segundo gutxi batzuetan. Ez nintzen ohartu Burgosko epaiketa ostera arte. Amorratuta geunden, beldurrak itota, baina oso haserre aldi berean. Kalean, kasik aurreneko aldiz, aldekoak genituela sumatzen hasi ginen. Jendea herri bihurtzen hasi zen, norbaiti garai hartan entzun nion bezala. Etxe seguru batean eman nituen epaiketa osteko egun horiek, kide batzuekin batera. Eta, halako batean, ordu erdiz edo begiratzen neraman kafeontzia desagerrarazi nuen, bertan geundenon guztien begien aurrean. Besterik gabe desmaterializatu zen, zaratarik ere atera gabe. Ni beste guztiak bezain harrituta nengoen, baina aitortu behar dizut gertatu zenean «hauxe zen, beraz» bezalako zerbait pentsatu nuela.

Bai, erakundea informatu genuen, nola ez. Eta zuzendaritzak Ekialdeko Alemaniara bidali ninduen, Europan zehar sekulako itzulingurua eginez, Segurtasunerako Estatu Ministerioko Abteilung XXIIIaren egoitzetan nire kasuaren inguruko ikerketa sakona egin zezaten. Hango adituek ez zuten zalantzarik izan nire dohainari zegokionean, eta erabiltzeko entrenatu ninduten; ez zen lehenengo aldia botere bereziak zituen norbait artatzen zutena, nahiz eta nik, bertan pasatutako hilabeteetan, ez nuen nire antzeko beste fenomenorik ezagutu. Neurketa zehatzak egin zizkidaten zientzialari aleman haiek: dohainaren mekanismoak deskorapilatzea ezinezkoa suertatu zitzaien, eta atera zuten ondorio ziur bakarra izan zen ikusmenarekin lotutako mutazio bat zela. Objektuekin egin genituen lehendabiziko frogak; ondoren untxiekin eta zakurrekin. Ez zen arrastorik geratzen. Rostockeko portura eraman ninduten halako batean, espioi estatubatuar baten kontrako operazio batera. Eta hartan ere ez nuen hutsik egin.

Zerbait sentitzen ote nuen? Ez gehiegi, egia esan. Hustasun moduko bat barnean. Baina ez zen sentimendu moral bat, uler nazazu, zerbait fisikoa baizik. Ekintza, azken batean, ez zen odoltsua. Eta espioi amerikar hura etsai bat zen, denok zapaltzen gintuen inperialismoaren morroia. Gainera, nik ez dakit nora bidaltzen nituen helburuak: nork esaten zigun hilik zeudela, edo ez zirela berragertuko geroago, urteak pasatuta? Ez, ez da halakorik gertatu, nik dakidala behintzat…

Bai, alemanek haiekin geldi nendin nahi zuten, noski. Baina nik ez nuen nahi izan. Gure aberriaren alde egin nahi nuen borroka. Erakundeak, gainera, itzultzeko agindu zidan. Ez, ez nuke esango ihes egin behar izan nuenik, baina… tira, konplikatua izan zen. Euskal Herrira iritsi eta dena zapuztu zen, ordea.

Nik pentsatzen nuen berehala hasiko nintzela ekintzetan parte hartzen. Nire dohaina aprobetxatuko zuela erakundeak, etsaiak ezabatzeko. Baina ez zen horrela izan. Nahiko argi utzi zidaten gure helburuetarako ez zela batere erabilgarria arrastorik batere uzten ez zuen ekintza bat. Etsaiak jakin egin behar zuela nor zen erantzulea, zauria sentitu behar zuela. Eta baita herriak ere, noski. Beraz, baztertu egin zen nire dohaina atentatuak egiteko erabiltzeko ideia. Eta, bestalde, ez zidaten uzten, ezta ere, ekintza «konbentzionaletan» parte hartzen: baliotsuegia bide nintzen, eta oso babestuta izaten ninduten.

Bai, gehienetan Ipar Euskal Herrian. Babes-etxe gehiegi ezagutu nuen erromesaldi eterno hartan. Ni, ordea, ez naiz teorikoa, ezta bulego-gizona ere, eta jarduera ezak barruak jaten zizkidan. Denbora luzeegia izan zen, eta azkenean nazkatu egin nintzen. Tarteko gora-beherek ere zer ikusia izan zuten, jakina: gero eta deserosoago nengoen. 1982an, erakundearekin akordio batera iritsi ostean, Mexikora erbesteratu nintzen. Han apenas izan nuen harremanik euskal diasporarekin. Bai, nire erabakia izan zen.

Bai, soilik bi aldiz. Garai nahasiak ziren. Zaila zen jakitea zein zen burua, nork ematen zituen aginduak; orduz geroztik askotan pentsatu izan dut infiltrazioaren kontuan, polizia guk uste baino infiltratuago ote zegoen erakundean. Baina jarraibideak ontzat eman nituen une hartan: ez nuen zalantzarik egin. Damutzen naizen? Orain, hainbeste urteren ondoren, bai, baina zer inporta dio jada? Ez da hori kontua. Pertur eta Naparra: bai, hala da. 1976an eta 1980an, hurrenez hurren. Ordu erdi bakoitzarekin, gutxiago agian. Ez ginen gela berean ere egon, ispilu berezi baten atzetik egin ahal izan nuen. Ez dut uste ezertaz ohartu zirenik. Baina oraingoz ez dut horretaz gehiago hitz egin nahi. Agian hurrengo saioan; nekatuta nago. Ez, ez da gai atsegina, aitor dut.

Mexikon? Gauza askotan. Baina luzaroen zabortegi baten kudeatzaile gisa, Aztapotzalcon. Urte askotan Distrito Federaleko eraginkorrena izendatu zuten, pentsa. Domina bat eta guzti jaso genuen. Bai, kar kar, ohartu naiz gaia boladan dagoela hemen; Diputazioari asko izango nioke irakasteko… Baina erretiratuta nago. Horregatik itzuli naiz Euskal Herrira, neurri batean. Baita giroa aldatu delako ere, noski. Eta familiagatik, urte asko dira. Zer? Ez, ezertxo ere ez. Zero. Presbizia, bai, bistaren nekea: horrekin, akabo. A, hori zientzialari aleman haiei galdetu beharko zenieke; auskalo non ibiliko diren orain... Sentitzen dut. Bai, zer esango dizut nik ba. Nire hitza baino ez, halaxe da.

Lehen aipatu dizudana? Halako batean itzuliko ote diren, besterik gabe? Aukera bat da, noski, baina ez daukat arrastorik ere. Agian ni hiltzean: bururatu izan zait inoiz. Ni hil, eta, une berean, desagertutako objektu eta laborategi-animalia eta pertsona horiek guztiak itzultzea, orden berean, edo alderantzizkoan. Ezabatu nituen egunean zeuden egoera berean. Edo zahartuta, batek daki. Ez galdetu zergatik, baina orduan bezala itzuliko liratekeela irudikatzen dut. Ondo pentsatuta, hori ere zigor modukoa izango litzateke haientzat, ezta? Pertsonentzat, diot; animaliei eta gauzei berdin zaie. Tira, utz ditzadan burugabekeriak behingoz…

Dena den, ez daukat laster konprobatzeko asmorik, ulertuko duzun bezala. Izan ere, ez nuke sekula jakingo, berez. Edo bai, auskalo: zer dakigu ba heriotzaz? Ez, ez daukat presarik. Batere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.