Embi

Galdakaon jaioa, 1973an. Oso harrera kritiko ona izan duten bi eleberriren egilea da: Connemara gure bihotzetan (2000) eta Han goitik itsasoa ikusten da (2004). Horrez gain, Jose Mari Iparragirreren biografia bat ere kaleratu zuen, 2001ean. Blogari oparo eta arrakastatsua izan zen, oihartzun zabalekoa ,denboraldi batez, 2005 eta 2006. urteen inguruan. Ekainean, Han goitik itsasoa ikusten da nobelaren nederlanderazko itzulpena aurkeztu zuen, Amsterdamen, harainoko bidea bizikletan egin eta gero.

Julen Gabiria.
2014ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Hemezortziak bete berritan, ordura arte Quini deitzen genion laguna Embi izatera pasatu zen gauetik egunera, MB siglen ingelesezko ahoskera izen bihurtuz: em-bi. Bera harro zegoen, uste baitzuen MegaByte zela siglen esanahia, informatika-zale amorratua zelako eta Commodore 64 bat zeukalako; baina besteok bagenekien goitizen hori ez zela, inondik ere, harro egoteko motiboa, MB-k MuxuBirjina esan nahi zuelako. Alegia, sekula ez zuela musurik eman. Birjintasun gorena, ez soilik gerritik beherakoa, baita lepotik gorakoa ere.

Ordurako, denok izan genituen aukeratxoak neskekin, eta denok egin genuen zerbait, gutxi-asko. Musuaren langa, edonola ere, ondo gaindituta geneukan. Harrigarriena zen Embi gure arteko guapoena zela, hori zailegia ez bazen ere. Baina isila zen, gatzipakoa eta burumakurra, ilun samarra, beti bere baitan sartutakoa, eta ez zuen ulertzen neskek nahiago zituztela lotsagabeak, hain mundu gotiko eta trinkoa zutenak baino.

Handik bost bat urtera ere, gehienok karrerak amaitu eta herrira bueltatu ginenean, Embik ezer ulertu gabe jarraitzen zuen. Informatikari ikasketak bukatu zituen eta hantxe geneukan berriz ere aurrean, denbora iragan ez balitz bezala, muxu-birjina eternal. Adi entzuten zituen besteon abentura unibertsitario puztuegiak, izen ezezaguneko lurralderen batera joan den bidaiariari entzuten zaion moduan, dena sinetsiz eta gutxi galdetuz.

Garai hartan agertu ziren lehenengo telebista-kate pribatuak ere, eta, beraiekin batera, pelikula erotiko belaxkak, guretzat itzelak zirenak, haragia ikusteko beste aukera askorik ez baitzegoen bestela. Koadrilako baten etxean VHS grabagailua erosi zuten, eta lagun horrek bularño xaloz betetako bideoteka osatu zuen. Tarteka, hantxe biltzen ginen Moana Pozzirekin adurtzera, edo, ausardia biltzen bagenuen, benetako film bat alokatzen genuen bideoklubean, eta krispeten ontzian husten genuen gure gaztetasun horixka, txandaka-txandaka. Baina Embi ez zen holako akelarreetara etortzen: sumatzen zuenean gure hitzorduaren arrazoi nagusia sexua izango zela, karakola oskol barruan bezala kiribiltzen zen, bere lotsen mundu grisean.

Aldiz, berarekin bakarka suertatuz gero, konfiantzaz irekitzen zitzaizun, eta halaxe gertatu zitzaidan behin, parranda baten ostean nire etxera etorri zenean. Gau hartan, badaezpadan, Canal Plus jarri nuen, zeren, kondaira urbano batek zioenez, batzuetan, ahaztu egiten zitzaien film pornoak deskodifikatzea. Baina gau hartan ez zitzaien ahaztu, eta pantaila osoa marratxoz bete zen. Nire txundidurarako, Embik aitortu zidan huraxe zela ikusten zuen lehenengo pornoa. Muxu-birjina eta, gau hartara arte, begi-birjina ere bai, hortaz! Kokolo halakoak, begiak talo, atzamarra pantailarantz luzatu eta «hori ere egin daiteke?» bota zidan totelka, marratxoen artean popatiko eszena bat sumatzen zen bitartean. Ez sinestekoa zen: Embi, artean hogeita hiru urterekin, nire aurrean ari zen mundua deskubritzen, nire etxean, marra zuri-beltz haiei begira, zintzo aitortuz dena berria zela berarentzat, eta atzeratuegi zebilela, bazekiela hori, eta bere gurasoek zutela guztiaren errua, gehiegi kontrolatzen zutelako eta erabat planifikatu nahi zutelako bere bizitza osoa. Hainbesteko konfiantzak hunkitu egin ninduen (edanda nagoenean oso hunkibera naiz), eta sexuari buruzko dibulgazio-liburu bat utzi nion, argazkiz ondo hornitutakoa, geroztik gehiago ikusi ez dudana.

Gero denborak aurrera egin zuen, sexuaren exotismo basatia lausotu egin zen, txortan ere funtzionarioki egiten hasi ginen, herritik joan ginen, eta gehienak ezin modu arruntagoan ezkondu ziren, ginen. Embiri buruz nekien gauza bakarra zen enpresa handi baten webgunea kudeatzen egiten zuela lan, orduantxe hasi baitzen Internet indarra hartzen. Baina zaharrak berri: hogeita hamabostekin ere, ez zitzaion nobiarik ezagutzen.

Berrogeiak bete genituen urtean asteburu-pasa egin genuen koadrilako guztiok landetxe batean, emazte eta umerik gabe. Sinesgaitza dirudien arren, iturri onetik dakit orduan ere muxu-birjina jarraitzen zuela, urteek eta zimurrek itxura interesgarriagoa eman zioten arren. Baina aldaketa bat gertatu zen: oraingoan, bera izan zen sexuaren bide berrietarantz eraman gintuena; izan ere, landetxean igarotako gau batean, Interneteko orri pornoen mundu miresgarrian sartu gintuen, klik eta klik mugituz leiho batetik bestera, trebe. Ordurako, nik Internet maiz erabiltzen nuen eta banekien material ugari zegoela han barruan, baina sekula ez nintzen sartzen, birusen beldurrez. Eta, hara non, Embiri esker, esku-eskura genituen gure ametsetako schoolgirl, MILF, mature, hairy, next door eta abarrak.

Urte zoriontsuak etorri ziren gero: lagunok emailez konpartitzen genituen sarean topatutako neska eta perbertsio berriak, eta lan horretan Embi aritzen zen gogotsuen, bera zen gure sexu-hornitzailea. Hainbeste material bidaltzen zigun, nik ezin nion fusila garbitzeari utzi, astean bost, sei, zazpi aldiz ere bai. Eta Science aldizkariak esan zuenetik masturbatzeak prostatako minbizia izateko arriskua murrizten duela, zer esanik ez.

Embiren azken mezua duela aste batzuk heldu zen: «Material berria» zuen goiburu, beti bezala. Irrikaz egin nuen klik, baina puztutako gogoa laster zapuztu zen. Material berria ez zen bideo bakarra, bideo asko ziren, galeria oso bat, ikuskizun espantagarria: koadrilako guztiak geunden han, bakoitza bideo bateko protagonista. Batean Lander, bestean Aitor, hurrengoan Miguel, gero Josu, Toni, Aketza, Loro, han zegoen kristo guztia, eta ni ere bai noski, bideo batean ni agertzen nintzen, ordenagailu aurrean eserita, kanpaia gogotsu joz, «man masturbates while watching porn» izenburupean. 23.720 bisita zituen bideoak. Ze putakumea.

Sekula ez nion erreparatu portatilaren goiko aldeko kameratxoari. Hantxe egongo zen bera une hartan ere, kameraren beste aldean, gure ordenagailuak hackeatu eta koadrilako guztioi begira, barreka, sexu kontuetan behingoz atzean utzi gintuela ospatzen. Ze putakumea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.