Noiz sortua: 2015-08-15 00:30:00

Oinezkoa

Oiartzunen (Gipuzkoa) jaioa, 1985ean. Igartza bekaren laguntzaz idatzi zuen Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak narrazio bilduma (2013). Hala bazan... Klixk! literatur proiektua garatu zuen iaz Wroclawn (Polonia), Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia 2016 Fundazioak lankidetzan antolatutako lehiaketa batean gailendu ondoren.

Goiatz Labandibar -

2015eko abuztuak 15

Egunero. Gaur ere bai. Hor doa. Espaloiaren barruko aldetik. Babesa beharko balu bezala. Gabardina luzea gorputz are luzeagoa estali nahian. Belaunak baino beheraxeago iristen zaio. Bi metro hortxe-hortxe neurtuko du gizonak.

Luze eta mehar joaten da egunero, espaloiaren barruko aldetik. Norabait. Beti oinez. Pauso luzeak eman ditzake bere oin luzeekin, baina mantso joaten da, presarik gabe. Akaso, ez du nora iritsi.

Milaka biztanle dituen hiri batean ia egunero norbaitekin gurutzatzea ez da erraza. Baina Martinak ia egunero gurutzatzen du gizaseme hori. Lanera doanero. Arropak erostera joaten denero. Antzerkiren bat ikustera joaten denero.

Hiriko edozein auzotan ikusten du gizasemea. Batzuetan zentroan, bestetan parte zaharrean, Grosen, Amaran... Beti oinez, gabardina luzea soinean, espaloiaren barruko aldetik.

Batzuetan, Martinak pentsatu izan du berak baino ez duela ikusten gizasemea. Matrailezur ongi markatu horiekin. Ile luze zuriarekin. Beti espaloian. Oinez.

Gizasemea beti oinez dabil. Martina batzuetan ere bai. Baina autobusez doala, bizikletaz, autoz… ere ikusi izan du, pasaeran.

Gizasemea gurutzatu zuen lehendabiziko aldietan, Martinak ez zion aurpegira begiratzen. Hiriko espaloietan gurutzatzen zuen ezezagun bat gehiago zen. Nahiz eta ia egunero ikusten zuen. Nahiz eta aldiro erreparatzen zuen harengan. Behin, aurpegira begiratzea erabaki zuen. Gizasemearen begiradarekin berea gurutzatzea. Martinak aurpegia jaso zuen goiti, gizasemearen begi beltzak eta bereak, betaurrekoen atzetik, gurutzatu zitezen. Gizasemeak ez zion begiratu.

Beste behin, burua jaso zuen gizasemearekin gurutzatzean, kaixo esanez bezala. Ez zion agurrik erantzun, Martina ikusi ez balu bezala.

Hurrengoan, kaixo ahotsgoran esan zion Martinak. Erantzunik ez. Gizasemeak espaloiaren barruko aldetik aurrera jarraitu zuen, norabait, edo inora. Akaso ez zekien euskaraz. Atzerritar itxura zuen, bai. Hori izango zen. Biharamunean hola esango zion Martinak. Eta erantzunik ez bazuen jasotzen hello, hallo, bonjour, ciao, moi moi... Zekizkien hizkuntza guztietan agurtuko zuen.

Behin ere ez zion agurrik itzuli gabardinadunak. Ezein hizkuntzatan.

Azken aukera probatzea erabaki zuen orduan Martinak. Traban jarriko zitzaion. Espaloiaren barruko aldetik joango zen gurutzatzen ziren hurrengoan. Estropezu egingo zuten.

Eta horixe egin zuen. Gizasemea bere kontrako norantzan bazetorrela ikusi zuen hurrengoan, bizitzak berriz gurutzatu zituen hartan, espaloiaren barruko aldetik abiatu zen Martina, frantseseko eskolako liburuak eskuan. Gizasemeak aurrera begiratzen zuen, Martina bazetorrela ikusi ere egin gabe, eta Estropezu egiteko punttu-punttuan zeudenean, errepide aldera pauso bat eman zuen gizasemeak eta bere bidea jarraitu zuen, atzera espaloiaren barruko aldera bueltatuta.

Martinak kafe bat behar zuela erabaki zuen, pentsatzeko. Ikusi zuen lehendabiziko kafetegian sartu zen. Kafe kikarara azukrea botatzea ahaztu zitzaion, baina goilaratxoarekin edaria nahastu eta nahastu zuen, azukre koxkorrak desegiten ariko balitz bezala. Orduan pentsatu zuen akaso gizaseme hura ez zela existitzen. Ez zuela inork ikusten. Ez zela hirian bizi. Ez zuela gabardina janzten. Ez zebilela etengabe oinez. Martinak bakarrik ikusten zuen. Martinarentzako bakarrik existitzen zen.

Handik aurrera, gizasemea ikusten zuenean, ingurukoen aurpegietara begiratzen zuen Martinak, ea besteek ikusten zuten zantzurik topatzen zuen. Autobusez zihoala ikusi zuenean, bazterrean zeukan emakumeari begiratu zion. Irakurtzen jarraitu zuen hark, liburutik begiak jaso gabe. Zutik zihoan gazteak musika entzuten jarraitzen zuen. Musika entzuten zuen gaztearen ondoan zegoen neskak —musika entzuten ari zenaren bakeroen ipurdiko patrikan esku bat sartuta zeukanak—, mugikorrari begira jarraitu zuen.

Inork ez zuen ikusi gizasemea.

Oinez ere gurutzatu zuen berriz. Inork ez zion begiratu gizaseme luzeari, bere pausaje motelean tur-tur aurrera zihoan hari.

Inork ez zuen ikusten gabardinadun gizasemea.

Lagun baten autoan kopilotu zihoala ere ikusi zuen gizasemea. «Hor dago!» oihu egin zuen, «nor?» galdetu zion lagunak, «gabardinaduna!», «zein gabardinadun?». Dagoeneko urrun zeuden gizasemea oinez zihoan espaloitik, hiri barruan autoz ibiltzeko 50 kilometroko abiadura muga askotxo baita pauso motelean dabilen gizaseme batekin alderatuz.

Psikiatra bat bisitatzea pentsatu zuen Martinak. Haluzinazioak dauzkat. Esango zion. Gizon gabardinadun luze eta mehar bat ikusten dut oinez. Ia egunero. Esango zion. Eta psikiatrak erantzungo zion Hartu kolore guztietako pilulak. Lasai. Ez zara lehenengoa haluzinazioak izaten. existitzen ez diren pertsonak ikusten dituena. Lasai. Esango zion.

Martina ez zen psikiatrarenera joan. Baina ia egunero jarraitu zuen gizon meharra, bere gabardina eta txima luzeekin, ikusten. Espaloien barruko aldetik, pauso motelean, hirian oinez.

Gaur ere bai.

Gaur ere ikusi du gizasemea, oinez espaloiaren barruko aldetik, autobusak Legazpi kalea hartu duenean, Gipuzkoa plazan gelditzeko. Abenida alderantz doa gizasemea eta haren pausaje motela aintzat hartuz, denbora izango du Martinak berarekin gurutzatzeko.

Gaur, gainera, berriz gurutzatu nahi du berarekin.

Gizasemeak eskuetan larrosa-sorta bat daramala ikusi du autobuseko beiratetik. Bada hori nahikoa nobedade eta nahikoa motibo berriz berarekin gurutzatu nahi izateko.

Autobusetik jaitsi denean, Bulebar aldera begiratu du Martinak. Gipuzkoa plazara sartzeko zebrabidetik pasatzen ari da gizona, bere gabardina eta txima luzeekin, bere larrosa gorrien sortarekin.

Zigarro bat atera du Martinak. Sua eskatuko diot. Eta abiatu da Bulebar aldera, gizonarekin gurutzatzeko.

Gizona badator Martinarengana, baina ez du Martina ikusten. Aurrera begiratzen du, ia bi metroko garaierak bere azpitik dauden guztiak ikusezin bihurtuko balitu lez.

—Sua? —galdetu dio Martinak, parez pare jarri direnean, eta inkomunikaziorik egon ez dadin, ezkerreko eskuan kontzen duen zigarroa erakutsi dio eta eskuineko hatz potoloarekin su-pizgailua pizteko keinua egin dio.

Gizasemeak, sua beharrean, zimeltzen hasitako larrosa gorrien sorta eman dio.

Loreak hartu ditu Martinak. Eta gizasemea urruntzen ikusi du. Zimeltzen hasitako petaloetako bat ukitu du. Tira egin du. Erauzi egin da txortenetik. Benetazkoa da. Atzera begiratu du, gizasemea pauso motelean badoan norabidera. Han doa, poliki, motel.

Bai, benetakoa da hura ere.

Irribarre egin du Martinak. Eta patrikatik su-pizgailua atera du. Zigarroa pizteko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du bihar Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta horren truke Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Jaurlaritzak bihar eskatuko du ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea.

 ©BERRIA

Kulturgintza: eutsi ala hautsi

Iñigo Astiz

Koronabirusaren hedapenak ziurgabetasun handia eragin du aurrez ere prekaritateak gogor jotako sektore batean: kulturgintzan. Sorkuntza ere krisi honi aurre egiteko moduan dagoen jakiteko, lau sortzaile elkarteren zuzendaritzako kideak bildu ditu BERRIAk: Eneritz Artetxe (Ehaze), Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkartea), Aitor Bengoetxea (Musika Bulegoa) eta Igor Elortza (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna