Uxue Barkosek inbestidura eztabaidan esan zuen abertzalea ez den erkidego batetako lehendakari abertzalea izango zela. Ez zen lapsus bat izan gutxiengo abertzalearen identitatea nabarmentzea. Esan zezakeen, adibidez, ezkerreko eta aurrerakoien gehiengoak hautatu zuela (26 zeuzkaten GeBaik, EHBilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak eta PSNko 7ak abstenitu ziren) eskuin zentralistaren aurkako bozekin (UPN eta PP), hori zela nobedadea hemiziklo horretan.
Irailean hasiko den erakundeen eta eraldaketaren erronkan eztabaiden markoa izango da aldagai determinanteetako bat. Markoak egituratuko dituenak irabaziko ditu batailak. Oraingoz 78ko Erregimenaren markoan ari da dena jokatzen. Demokratak versus terroristak, bertakoa versus baskoa, kudeaketa ona versus totalitarismoa, lider indartsu bat versus kaosa. Identitate politiko horiek guztiak Foru hobekuntzaren gurasoek eta seme-alabek bete dituzte esanahiz.
Gobernu honek ez du iraungo Erregimenaren kategoria zaharrekin. Aldaketa ez da errepresentazioaren kategorietan gertatuko, jendearen bizi baldintzak hobetuko ditu edo ispilatze bat izango da eta Erregimenak segituko du. Afera ez delako politika beste modu batera egitea. Ez da austeritatea era autoritario casposo batean aplikatu beharrean era permisibo progre batean — euskaraz— aplikatzea.
Nafarroako alternantzia politikoa gertaera bat izan dadin aldaketa neurtzeko parametroak aldatu behar dira. Edo zizekeraz esatearren, subjektu kolektiboak konpromiso berri bat izan behar du askapen proiektu unibertsalarekin. Gobernu berriak, eraldaketarako agente guztiekin berregituratu behar du gizartea. Ez du inor suplantatu behar: ez abertzaleak, ez ez-abertzaleak, ez ekuatoriarrak. Orain arteko presidente guztiak izan baitira, legez, nafar guztien presidente. Baina ez dira %80 txiroenarentzat lanean aritu, ez diote %1 aberatsari aurre egin.

LARREPETIT
Parametroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu