maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Irudimena

2017ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Argazki anitz utzi dizkigu larunbatean Baionan eta inguruetan gertaturikoak. Batekin gelditzekotan, halere, nik hauxe aukeratuko nuke: txaleko horiz jantzitako 172 herritar, zahar eta gazte —batzuk ezagunak politikoki, besteak pertsonalki—, oihan baten erdian, irribarretsu baina serios, eta tinduz zein sokaz inguraturiko gune batzuei erreferentzia egiten dieten kartelak eskuetan, «armagabetze eremua», beltza zuriaren gainean. 172 herritar bakegile, armen egiaztatzaile.

Kritika ugari egin dakizkioke, bai, ETAren armagabetzea egiteko moduari. Alde batekoek erranen dute —eta ez dute zalantzarik egin komunikabide omen diren horietatik ere errateko— ez dela aski izan: ehunka pistoleta daudela oraindik auskalo nongo zuloetan, larunbateko irudia pantomima bat eta ekitaldia propaganda hutsa baino ez direla izan. Bertze muturrean, berriz, armak «etsaiari» eman izana lotsagarria dela, gehiegi belaunikatu dela erakundea... Denetarik eta gustu guzietarako egonen da kritikarik, seguru. Behintzat, ekimenak oihartzun zerbait izan duen seinale bada, eta ez da gutxi.

Bada guztiek bat egin eta inork ukatu ezin duen zerbait, ordea. Larunbateko saltsa horretan guzian norbait garaile atera bazen, irudimena izan zela. Inor gutxik irudika zezakeen halako modu xelebrean emanen zitzaiola bukaera erakunde armatu baten jardunari, ez hemen eta ez nazioartean. Gazte zoro batzuek hasitakoa, gazte (eta ez hain gazte) zoro batzuek bukatu dute, finean. Larunbatean ere erran zen, ordea: hau ez dela deusen bukaera, bakeak ez baitu erran nahi soilik bortizkeriarik ez egotea (eta ez soilik batzuena). Hemendik aitzina segitu beharko dela pentsatzen zer egin presoekin, nola hartu kontuan biktima guziak.

Ez da erraza izanen bidea, baina Luhusokoari eta asteburukoei jarraikiz, izan daiteke itxaropenik. Itzuli ezin den arma hartua baitu herriak: irudimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.