Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Errua

2017ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Garaziko herria laudatzen zuen hizkuntza haren erruz, giza kapitala galdu dugu. Euskararen kulpaz, mediku, astronauta, irakasle, abokatu zein suhiltzaile bikainak joan egin zaizkigu. Ni pentsatzen gelditu naiz momentu batez: euskararen erruz, ala euskararik ez jakitearen erruz joan ote dira? Ez baita gauza bera. Euskaldunok euskararen erruz jendea galduko bagenu, izango litzateke euskara delako izaki bizidun bat latigo handi batekin jendea hemendik kanpora bidaltzen duena. Euskara ez jakiteagatik badoa jendea hemendik, ostera, izango da, oposizioak prestatu behar izan dituenean, edo lanpostu publiko bat bete behar izan duenean, ez gaituelako kontuan hartu hemen bizi garen guztiok, eta orduan, paso egin duelako gure hizkuntza ikastetik.

Aditzera ematen digute, gainera, ezinezkoa dela giza kapital ona eta euskalduna izatea. Gure burugogortasunaren erruz, kontuak atera nolakoak garen, giza kapital euskalduna gelditzen da hemen, eta benetan onak direnak joan egiten dira. Eta ezinbestean amama Trini espezialistarengana doan bakoitzean haserretu egiten dela gogoratu naiz: «Hor ari zarete zuek euskara ikasi eta ikasi, zertarako? Ospital guztian inork ez badit euskararik egin gaur ere? Zuentzat ez dago lanposturik, ala?». Sufritu egiten du: ez da hain erraza min sorra eta dolor agudo sinonimoak ote diren kalkulatzea, eta datuek diote administrazioko langileen %60 baino gutxiago direla euskaraz lan egiteko gai direnak.

Eta giza kapital handia da udaletxeko leihatilaren beste aldetik «buenos dias» entzun orduko, eguna izorratzen zaiona. Eta giza kapital handia da euskarazko debate politikoetan entzuten duen hizkuntza zein den deszifratu ezin duena. Eta giza kapital handiegiak erakutsi dugu edukazioa eta errespetua, gure hizkuntzari barre egin, eta gainera, errua bota nahi diotenen aurrean. Eta gure giza kapitalak ere errespetua merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.