maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Xilaba

2016ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Larunbat honetan jokatuko da Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketako finala, Baionan. Ez naiz hemen bertsoetaz sobera ariko, halere. Aitortu behar baitut, gainera, aurten pixka bat ihes egin diodala hain maite dudan kanporaketa-sailkapen-finalerdi eta ondorengo talo-xingar-solasaldi-epaileen-lana-kritikatze espiral adiktibo horri. Ez naiz hasiko, ezta ere, txapelketak sortzen duen lehiaz, eta horrekin lotutako bertso ereduaz gaizki erraka.

Txapelketari berari jarri dioten izenaz egin nahiko nuke gogoeta. Xilaba deitzen baitiote txapelketari, Ipar Euskal Herriko hiru lurralde historikoen hasierako silabak oinarri hartuta: Xi-beroa, La-purdi eta Ba-xenabarre, hain zuzen.

Sortzetik beretik anitz maitatu nuen txapelketari ezarritako izena, ez bainaiz sekula izan Ipar Euskal Herri, eta, are, Iparralde izendapeen sobera zalea. Ezen, muga administratibo batengatik ezartzen baititugu hiru lurraldeak zaku berean: ez dago ez hirurak biltzen dituen euskalkirik (ez bada azken urteotako maileguengatik), ez dantzarik, ez paisaiarik, ez... Eta erlatibotasunetik eraikitako hitzak berak ere jenatzen ninduen: Iparraldea, zerena? Ez al dago Plentzia Atharratze baino iparralderago?

Nolabait izendatu behar lur zatia, ordea, eta hortxe, Bertsularien Lagunak elkarteak, proposamena: izenen laburdurak bertzerik gabe lotzea, astunegia bailitzateke hiruak aldiro erran beharra.

Ez litzateke txarra gainerateko elkarte eta erakundeek neologismoa erabiliko balute: zergatik ez deitu, demagun, Xilabako Hirigune Elkargoa mankomunitate berriari? Hori gehiegi eskatzea litzateke, agian... Bada, aski lan Pays Basque-ren itzulpen txarrez Euskal Herri Elkargo ordez Ipar Euskal Herriko Elkargo deitzeko-eta. Baina demagun Aitzina Xilabako gazte antolakundea, Seaska Xilabako Ikastolen Elkartea... Izenak egiten omen du izana, eta... nahi duenak har beza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.