Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Estatistikak

2016ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Gorroto ditut estatistikak. Irakurri dudanez, munduan sei mila milioi pertsona bizi gara. Horietatik erdiak, gutxi gorabehera, zakilarekin jaio ziren. Horrek esan nahi du bizi duten kilometro karratu bakoitzeko protagonistak izango direla, ia beti. Ni, ordea, aluarekin jaio nintzen, eta bizitzan, munduan, etxean zein agertokian okupatu dudan milimetro karratu bakoitza, borrokatu egin behar izan dut.

Milimetroak borrokatzen gabiltzan horien artean, badira zakil boteredunek asko maite dituztenak. Isilik egon direlako, utzi dioten lekua baino hartu ez dutelako, ez dutelako kuestionatu boterea noren eskuetan eta zergatik dagoen, gorputza ezarritako neurrietara egokitzen jakin dutelako edo, alua izanik, beti zakila dutenekin oheratu direlako. Nik ez dakit isilik egoten, ordea. Urteak eman nituen gorputza ezinezko neurrietara egokitu nahian, eta amore eman nuenean konturatu nintzen, libreagoa nintzela.

Munduan milioi bat euskaldun omen gara. Horien artean erdiek izango dugu alua, gutxi gorabehera, eta alua dugunetatik ehuneko hogei edo izango gara independentzia nahi dugunak. Batzuek arrazoi historiekoengatik bakarrik nahi dute independentzia. Sinistu egiten dute Euskal Herrian, noizbait, nonbait, matriarkatua izan zela. Nik ezin. Euskal Herria feminista ez bada, patriarkatu zikin bat gehiago izango dela uste dutenen talde txikian nago.

Eta, noski, talde txiki horretan pertsona onak eta ez hain onak daude. Eta niri ona izatea tokatu zait. Gutxi badira euskalduna, aluduna, feminista eta independentista nola izan naitekeen ulertzen dutenak, pentsa zenbat diren ona nola izan naitekeen ulertzen dutenak. Ona izatea ez baita inozoa izatea: ona izatea inozoek ulertu nahi ez duten ezaugarri bat izatea da. Baina munduan, ehunekotan, askoz pertsona inozo gehiago dago onak baino. Gorroto ditut estatistikak; beti alderik zailenean kokatzen naute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.