Julio Soto.
LARREPETIT

Egoa

2015eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Gizakiok egoa elikatzen igarotzen dugu gure existentzia. Egoa puzten. Kanpora begira, begi zoli, begi erne. Eta egoak, mokaduz mokadu, irentsi egiten gaitu, jabe egiten da.

Onarpen eske bizi gara, laudorio premian. Desberdin sentiaraziko gaituzten txaloak nondik etorriko, nondik entzungo. Berezi egingo gaituen zirrikitutxoaren bilaketa etengabean. Egoa nabarmentasunarekin maitemindurik bizi baita, eta lehen lerroan egoteko borrokatzera animatzen gaitu. Bidea ahalik eta azkarren igarotzera, irits gaitezen helmugara lehenbailehen. Eta han, ikus, entzun, irakur gaitzatela. Bagarela. Erakargarriak baitira bekaitz begiradak, goxoak miresmen hitzak.

Egoa bihurtzen da hego, eta altxarazten dizkigu oinak lurretik. Galtzen dugu zoruarekin kontaktua, benetakotasunarekin harremana. Eta laino artean galtzen gara. Handik goitik, gainontzekoak txikiago ikusten dira, hauskorrago. Norbera osoago. Goitik behera begiratzen ditugu behetik gora begiratzen gaituztenak. Eta gustatzen zaigu. Hegoek gero eta gorago daramate egoa. Denek ikusten duten tokira iristeko. Baina badaki disimulatzen, badaki bere harrokeria umiltasunez janzten.

Deserosoa zaio anonimatua, arnasa lapurtzen dio. Ez zaizkio gustatzen begirada zintzoak, hegoei lumak galarazten baitizkiete eta baxuagotik hegan eginarazten. Ezin ditu jasan bere gainetik daudenak.

Zaila da barruranzko bizitza bat. Nekeza. Eskatzen baitizu itxi ditzazun begiak; eta hor barruan ez zaude zu baino. Onartu behar baitituzu zure mugak. Uko egin behar baitiezu laudorioei. Eta orduan txiki sentitzen zara, hauskor; beste bat gehiago. Baina horixe da zarena.

Harroegiak gara bizitza parentesi artean igarotzeko. Bada lortzen duenik. Egoari gerra deklaratzea, oin puntak lurrean jartzea da; eta zorua labainkor egoten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.