Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Ez

2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Ez!». «Baina nola esango dut ezetz besterik gabe, zer esango dute?!». «Ezin dut...». «Baina arrazoia ere eman beharko dut ba». «Ezin dut zeren...». «Baina beharbada ez zaie ezetz esateko nahikoa irudituko». «Bueno, ahaleginduko naiz...». «Ezin dut ezetz esan, baina, ezin dut». «Konforme». «Kaka! Zergatik esan dut baietz?!». Eta horrela bizi gara etengabe, gurpil zoro horretan sartuta, iritsi ezinik. Eta gure burua, hankak eta eskuak norberaren aurretik doazela dirudi, inolako koordinaziorik gabe. Inolako zentzuzko formarik gabe.

Aurrekoan lagun batek zioen inguruan jende asko ikusten zuela txarto. Buruko gaitzez ari zen. Ez zekiela zer gertatzen ari zen baina jendea ez zebilela batere ondo. Eta nago beharbada gure buruari gehiegi eskatzen diogulako dela edota gure buru maitatzen denbora gutxiegi pasatzen dugulako beharbada. Dena ondo egin nahia, dena eduki nahia, denera iritsi nahia, besteak gurekin pozik egoteko nahia...

«Umeak urduriegi daude, kontrolik gabe, ez dakit zer pasatzen zaien» pentsatu eta esango dugu, batetik bestera arineketan eskuan duguna zertarako hartu dugun gogoratu ezinik gabiltzanak gu garela ikusi gabe. Zeharka baino jaramon egiten ez diegunak. Mugikorreko pantailari begira hitz egiten diegunak. Hozkailuan sartu beharrekoa labean sartu berri dugunak. Errealitateari ihes egin nahian gabiltzanak.

«Eeeeeeeez!». Ispilu aurrean entseatu beharko genuke behin eta berriz. «Orain nire txanda da». Inolako helmugarik gabe. Inolako espektatibarik gabe. Segundoero bizi, lan egin edota gustura egiten dugun hori egin. Segunduero automaitatu eta autozaindu. «Eeeeeeeez! Orain ez da zure/zuen txanda». Baina ez dugu astirik ispilu aurrean begiratzeko. Nolako aurpegia dugun ere ahaztua dugu dagoeneko eta geure burua besteen begietan ikusten jarraitzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.