Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ikonoa

2016ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ez zen heroia, baina diktadura militar bateko ikono egin genuen. Torturatua, txikitua, mutilatua, kantari segitzen zuena. Eta hala asmatu genion heriotza ere institutuko garai haietan. Eskuak moztu ziozkioten, eta hala ere, kantuan segitzen zuen. Gero mihia erauzi zioten, eta Arestiren poemako pertsonaia, doinu-hariak laketzen zituen preso-lagunak Txileko Santiagoko Estadioan, militarrek kartzela bihurtua zutena. Bi tiro eman zizkioten azkenean. Orduantxe bakarrik utzi omen zion kantatzeari. Hala hil zen Victor Jara gure ahoz ahokoan.

Benetan ez zizkioten ez bi eskuak moztu ez mihia erauzi. Tiroak ere ez ziren bi izan, berrogeita lau baizik. Pedro Barrientos armadako tenientea izan zen hiltzailea, orduan estadioan soldadu zen Jose Paredesek esatera, eta Paredesen eta beste lekukotza batzuei esker kondenatu du asteon AEBetako epaimahai batek, Orlandakoak, Barrientos kalte-ordaina ematera Jararen familiari: 28 milioi dolar.

Pozik agertzen dira argazkian Jararen emazte Joan eta Manuela eta Amanda alabak, eta pozik agertu da munduaren lau ertzetan mundua bera, diruagatik baino hiltzailea aurkitu dutelako azkenean, bigarren eskuko auto-saltzailea orain Deltonan, Floridan.

Hori dute ikonoek. Indar grabitazional handiaren jabe, beregan biltzen dute inguruan dutena, eta hala bihurtzen dira, neurri batean eurek nahi gabe askotan, mundu zabalago baten argi. Hori izan zen Jara guretzat. Eta zoritxarrez, hala izatea nahiko luke Orlandako epaiak. Jararen hiltzailea zigortuta, pax avant; ezen justiziak jarraitzera, eta Jara bat gehiago izatera, estadioan hildako guztiak hartu behar bailituzke kontuan, edo jakinda orduko AEBetako gobernuak estatu kolpeari zer laguntza eman zion, Pinocheten biktima guztiak, edo hariari tiraka, Kondor operazioko oro, izan Argentinan, Uruguain, Bolivian edo Paraguain...

Hori dute alde zein kontra ikonoek. Bakanak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.